Ia 17 milioi euroko udal aurrekontua izango du Beasainek 2020rako
EAJren botoekin onartu da. EH Bildu abstenitu egin da eta PSE-EEk aurka bozkatu du. Ezkiagako uholdeen arriskuak saihesteko lanen lankidetza hitzarmena onartu da
Beasaingo Udalak 2020rako aurkeztutako ia 17 milioi euroko udal aurrekontu proiektua onartu du azaroko udalbatzan, EAJko 10 zinegotzien botoekin; EH Bildu (5) abstenitu egin da eta PSE-EEk (2) aurka bozkatu du. Aitor Aldasoro alkatearen arabera, «herritarren behar nagusienei erantzuna eman asmoz, ongizatea, berdintasuna eta enplegua bezalako arloetan eman dira igoera aipagarrienak». Eta era berean, «udalerri atsegin, eroso eta herritarren beharretara egokitzeko, hirigintza eta hiri mantentzeek garrantzia berezia izango dute; horretarako hiru milioi euro baino gehiagoko kopurua aurreikusi da». Aurrekontu osoa atalez atal, www.beasain. eus/aurrekontuak2 webgunean kontsulta daitezke.
Tokiko enpleguari eta jarduera ekonomikoari dagokienean, enplegu planari lotuta, formazio espezifikoa bultzatuko dute langabetuentzako Goierri Eskolan ikastaroak sustatuz. Merkataritzan, lokal hutsak betetzeko helburuarekin, «alokairurako diru laguntzak bideratuko dira lehenengo hiru urteetarako». Era berean, herritarren ongizateak «ildo estrategiko garrantzitsua eta lehentasunezkoa» izaten jarraituko du, gizarte ongizate saileko gastua %5,9 igota. Besteak beste, pertsona helduen laguntza zerbitzuari protagonismo berezia emango zaio; etxez etxeko laguntza zerbitzurako aurrekontua %10 igo da, «onuradun gehiagora iritsiz».
Kultur jardueretarako inbertsioa ere igoko da. Esate baterako, «kaleko aisian, naturaltasunez irakurketa sustatzeko etxolak jarriko dira. Bonberia erai- kina aktibatze lanekin jarraituko da, dantza eta kulturaren erreferentzia bilakatzeko asmoz, eta inguruan bertako nortasunarekin zerikusia duen mugimendua sortuz».
Hirigintzan eta hiri mantentzean, herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraitzeko neurriak aurreikusi dituzte aurrekontuan. Esku-hartze urbanistikoei dagokienez, honako proiektuak aurreikusi dira: Dolarea parkea birgaitzea,Igartza Oleta kalean norabide bikoitza jartzea, Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalearen arteko loturan igogailua jartzea, San Inazio kalea eraberritzea eta Oriamendi kalea konpontzeko azterlanak egitea, erakusketa areto berri bat egitea herriaren erdigunean, Porteria eremuko uholdegarritasunari irtenbidea ematea, baserri bideen mantentzea, eta Mugikortasun mahaia.
Euskara eta berdintasuna «sail guztietan, zehar lerro gisa» landuko dituzte. Hizkuntza politikari dagokionean, erabilera sustatzeko abian diren proiektuekin jarraituko da, eta Aittu Euskara Elkarteak bere lekua izango du aurrekontu proiektuan. Bestalde, «gizarte parekideagoa» eraikitzeko aurrera pausoak «etengabe emanez jarraitzeko», gastuaren aurreikuspena % 4,54 igo da. Herrilab proiektuarekin jarraituko da eta sentsibilizazio lanekin jarraituko dute.
Oposizioaren ekarpenak
EAJko udal gobernu taldeak «oposizioak aurkeztutako proposamenekin osatu eta aberastu» nahi izan du udal aurrekontua, eta eskerrak eman dizkie egindako ekarpenengatik.
PSE-EErenak ondorengoak dira: Sagastigutiko mantentzea, txakur jabeentzako sensibilizazio kanpaina, edukiontzietatik kanpo zaborrak uzten dituztenentzako sensibilizazio kanpaina, Mugikortasun plana, Udaltzaingoak abiadura handian doazenentzako sensibilizazioa egitea, zebrabideen ikusgarritasuna hobetzeko espaloia zabaltzea, markesinak konpontzea eta doako wifi puntuak gehitzea.
EH Bildu taldeak aurkeztutakoak, berriz, hauk dira: Isabel Olano parkea berregituratzeko azterlanerako proiektua egitea, irisgarritasuna hobetzeko Mateo Mujika eta Aranzazu kaleetako proiektuak egitea, Bista Alai kaleari txukundu bat ematea, plangintza energetikoa, Mugikortasun mahaia eratzea, Berdintasun arlorako plana aurrera eramateko teknikari bat izatea, Gaztedi sailerako teknikari bat izatea, eta adineko pertsonen dinamizatzailearen zerbitzua handitzea.
Oposizioko bi taldeen hainbat ekarpen onartuak izan badira ere, EH Bildu abstenitu egin zen bozketan eta PSE-EEk aurkako botoa eman zuen. EH Bilduko Nerea Manzisidorrek eman ditu egindako hautuaren arrazoiak: «Gure hainbat proposamen onartuak izan diren arren, ez direlako aurrekontu parte hartzaileak izan. Berdintasun sailean partxeak jarri direlako, duen garrantzia eman gabe. Ez dagoelako gazteria politika errealik. Eta ez direlako aurrekontu erabat gardenak».
Aurrekontu parte hartzaileei dagokienean, alkatearen esanetan, alderdi bakoitzak egindako ekarpenak «bere parte hartze sistemaren barruan egindakoak dira, programan jasotakoak parte hartze prozesu baten ondorioz ateratakoak dira. Beraz, badaude beste modu batzuk hori egiteko eta saiatuko gara aurrera pausoak eramaten. Gobernu ona ildo nagusitzat genuen horretan, parte hartzeak ere izango du bere tokia». Gazteria sailaren gaiari dagokionean, zehar lerroa dela erantzun dio.
PSE-EEko Eva Alvarezek arrazoi bat baino gehiago jarri ditu aurrekontuaren aurkako botoa emateko: «Alkatearen eta alkateordearen ordainsaria desproportzionatua delako; Oriako ibaiaren inguruko paseoari dagokionean, erreka herritarrei gertura- tzea auzoak eta erdiguneko kaleak gerturatzea baino beharrezkoagoa ikusten dutelako; hainbat proiektutan diru kantitate abstraktuak jarrita aurrekontuak sinesgarritasuna galtzen duelako; eta batzordeetan ekarpenak egiteko eta eztabaidetzeko informazioa falta izaten delako». Azken puntu horri lotuta, alkateak adierazi duenez, «inoiz baino informazioa gehiago ematen da, beste kontu bat da informazio hori gehiago sakondu nahi bada. Horrek lana eskatzen du, noski. Datuak inoiz baino gehiago ematen dira».
Beste hainbat gai
Azaroko osoko bilkuran Ezkiagan uholdeen arriskuak saihesteko egin beharreko lanen lankidetza hitzarmenaren hasierako onespena eman zitzaion, Euskal Ur Agentzia, CAF eta Beasaingo Udalaren artean. Kasu honetan ere EAJ-ren aldeko botoekin onartu zen; EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Bestalde, Palestinako Herriarekiko Elkartasun Egunaren harira, Bakea eta duintasuna elkarteak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten alderdi guztiek.