Gabiriako Ostatuak aro berria sustraituta hasi du
Lehengo ostegunaz geroztik, zabalik da berriro Gabiriako herriguneko taberna eta jatetxe bakarra. Herritarrentzat biltoki izateko helburuz hartu dute Eider Martinezek eta Mikel Asurabarrenak, ilusioz eta gogoz.
Herritar askoren bisitarekin eta musika doinupean ekin dio Gabiriako Ostatuak aro berriari. Eider Martinez zumarragar eta Mikel Asurabarrena gabiriar bikoteak hartu du ustiapena, lehiaketan. Azken zazpi urtean hiru arduradun izan ondoren, eta egonkortasuna eta zerbitzu egokitasuna lortzeko premia ikusita, ilusio berezia eragin du Gabirian. Azaroaren 28 iluntzeko irekiera ekitaldian babes hori jaso zuen proiektuak.
Ostatua herriko bilgune izateko asmoz heldu diote ostalariek langintzari. Taberna eta jatetxe zerbitzuak emango dituzte, eta etorkizunerako lolekua jartzeko asmoa ere badute, goiko solairuak egokitutakoan. Balentzategi herri eskolako eguneroko jangela zerbitzua ere Ostatuan ematen jarraituko dute.
Sukaldeari dagokionez, eskaintza xumetik abiatuta baina ahalik aukera zabalenera iristeko asmokoa eskainiko dute. Eguneko menuak izango dira Ostatu berriaren ardatza. Astegunetan, egunero bazkaldu ahalko da. Asteko atsedenaldia astelehen arratsaldeetan hartuko dute, baina bazkariak eman ondoren itxita.
Gainontzean, asteburuetan menu bereziak izango dituzte. Plater konbinatuak, ogitartekoak eta hanburgesak izango dira ohiko eskaintzako beste zutabeak. «Beharrak ikusi, eta joango gara eskaintza moldatzen».
Herri dendari bultzada eman nahi diote, eta orain arte eros zitezkeen bertako produktuen eskaintza handituko dute. Bestetik, herriko artisauen lanak ere jarriko dituzte dendan.
Janaria eramateko aukera
Beste berritasun bat eramateko janariarena izango da. Bertan prestatutako jana etxera eraman ahalko dute bezeroek, lehenengo aldiz, Ostatuan.
Tabernari dagokionez, pintxoak eskainiko dituzte, egunero, goizetan. «Giroa sortu nahi dugu: futbol partidak edota txirrindularitza karrerak zuzenean jarriko ditugu, kirol porrak antolatuko ditugu, musika taldeen kontzertuak tarteka…». Pintxo-potearekin ostiraletan jarraituko dute, orain arte bezala. Kainuko lau garagardo mota jarri dituzte.
Ostatuaren esleipen berean datorren baratzeari ere etekina atera nahi diote. «Garaia iristen denean, udaberrian, baratzea landu nahi dugu, eta bertako produktuak Ostatuan eskaini gero».
Zumarragako Ziaboga taberna gidatu dute orain arte Martinezek eta Asurabarrenak. «Han lan egindakoa eta ikasitakoa ondo etorriko zaigu Ostatuan, baina hemen ezberdina izango dela badakigu». Lehengo telefonoa du Ostatuak (943 88 79 13).