Gure Eskuk Lazkaon hasi du erreferendum bateranzko herri ekimena
Gure Esku dinamiak Euskal Herriaren estatusari eta etorkizun politikoari buruzko erreferenduma antolatzea du hurrengo jomuga. "Prozesu luzea" izango dela aurreratu dute, baina dagoeneko hasiak dira lehen urratsak ematen.
Gure Esku dinamikak Euskal Herriaren estatus politikoari eta etorkizunean izan dezakeenari buruz erreferenduma egitea jarri du hurrengo helburutzat. Hartaraino iritsi aurreko bidea, prozesu luzea izango dela aurreratu du, eta hainbat urratsetan banatu du herri ekimena. Galdeketaren garaiari hasiera emateko lehenengo batzarra Lazkaon egin du Gure Eskuk, Euskal Herri guztiko kideekin. Areria antzokian elkartu ziren, larunbatean.
Erreferendumaren aldeko herri ekimenaren gakoak, prozesua eta abagunea izan zituzten hizpide batzarraren lehen zatian, Gure Eskuk Twitterren berri eman duenez. Erreferenduma eskatzeko eta sustengu soziala kreditatzeko, sinadura bilketa 2020ko maiatz-ekainean gauzatuko dela ere aipatu zuten. Bitartean landuko diren aurreko lanei buruz ere hitz egin dute.
Sare soziala ehuntzen hasi
«Bizkarrezur sendoa» duela ekin dio Gure Eskuk herri ekimenari, batzarrean esan zenez. Herrikako eta eskualdekako galdeketak, eta fase hartarako eratutako ehundura du balioetako bat. Bi urtean, 208 herritan egin dira kontsultak estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruz, tartean hiriburu batean (Donostia). Euskal Herriko biztanleen herena bizi da eremuan: 1.061.058 lagunek izan dute botoa emateko aukera eta 218.248k hartu dute parte (%20,5).
Sare soziala ehuntzen hasiko dira orain, galdeketa ipar hartuz.