LABek urtarrilaren 30ean gizarteak «planto» egiteko deia egin du
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egin du deialdia. 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dituzte, besteak beste
Datorren urtarrilaren 30erako greba orokorra deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. LAB sindikatuak bat egin du deialdiarekin. Hala jakinarazi zuten atzo Buruntza-Tolosaldeko LABeko ordezkariek Ibarran egin zuten agerraldian, eta herritar guztiak egun horretan «planto» egin dezaten eskatu zuten.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 100dik gora gizarte eragile eta sindikal batzen ditu: pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea eta euskal gehiengo sindikala, besteak beste. Tartean, LAB sindikatua dago eta, atzo, egungo gizartearen radiografia egin zuten: «Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen». Pentsioen eremuaz gaindi, «modu zabalagoan planto egiteko beharra» ikusten dute, haien aldarrietatik «harago joateko asmoz».
Egoera horren aurrean, LAB sindikatuko ordezkariek esan dute «lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan jauzi bat ematea beharrezkoa» dela, «konbentzimendu hirukoitz batek batzen gaituelako»: batetik, «pentsioena denon afera dela, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena»; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekotzat jo dute; eta azkenik, «giza eskubideak bermatu behar dira».
Horiek dira datorren urtarrilaren 30erako greba orokorra deitu izanaren arrazoi nagusiak, eta «ez da erantzun bat emateko greba, ofentsibara jotzeko greba baizik». Bizi baldintza «duinak eta aberastasunaren bidezko banaketa dira grebaren helburuak, ekonomia fase berriari harresi bat jartzeko, patronala eta erakundeak interpelatzeko eta demokrazioa eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko».
Aldarrikapen taula
Krisiaren aitzakian, azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzea erabaki dute eta horren barruan, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatzeko 30 neurriren aldarrikapen taula adostu dute. Horietako batzuk dira «1.200 euroko gutxieneko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 35 orduko lanastea».
Urtarrilaren 30ean, kaleak hartzeko arrazoia «langileen erabakitzeko eskubideen defentsa» da, «lan harremanak edo pentsio sistema hemen erabaki nahi ditugulako». Hala, «borrokaren bidez eskubideak eskuratzera» eta «Euskal Herrian planto egitera» deitu dituzte herritarrak.