Legazpiko errondak ireki du San Nikolas apezpikuaren ibilbidea
Goierriko hiru herrietan bakarrik mantentzen da San Nikolas errondak egiteko ohitura. Legazpikoa atzo arratsaldean egin zen, gaur goizean Zegamakoen txanda izan da, eta bihar Seguran ibiliko da apezpiku txikia
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/12/dsc08171-1200x900.jpg)
San Nikolas gotzainak abiatu du Goierrin zehar egiten duen ibilbidea. Atzo Legazpin izan zen, gaur goizean Zegaman, eta bihar Seguran. Gabonen gertutasuna iragartzen duten errondak eskualdeko hiru herri horietan bakarrik egiten dira.
San Nikolas eguna abenduaren 6a bada ere, Legazpiko erronda aurten aurreratu egin da eta atzoko egunez egin zen. Haztegi ikastolako Unai Huarte gotzain paperean jarrita, ikastetxeetako haurrek kantu batean zeharkatu zituzten herriko kaleak atzo arratsaldean, Doinua Musika Eskolako musikariek lagunduta.
Zegamara gaur goizean iritsi da San Nikolas, eta Aitxuri herri ikastetxekoek antolatutako errondan ibili da. Zegaman bi lagunek egiten dituzte gotzainaren lanak, eta aurten Manu Otaegiri eta Ihintza Goiari egokitu zaie hori.
Segurako erronda, berriz, bihar egingo dute, San Nikolas egunean bertan. Naroa Ormazabal izango da gotzaina, eta pottoka gainean ibiliko da kalez kale, atzetik haur ugari kantari dituela. 10:00etan izango da irteera, Arbolaritik, eta plazan amaituko da erronda. Bertan, 12:00etatik aurrera, Nikolas Txikiak eta Segurako tarta izango dira salgai.