Txirrindularitza eta mendizaletasuna hizpide
Goierriko hainbat txirrindulari elkartu zituen Beasaingo Beloki Peñak, sari banaketan. Pedro Garcia mendizaleak Shisha Pangma-ra egindako espedizioaren berri eman zuen. Eta Urretxu-Zumarragan, Intsumisio Taldea aurkeztu zuten hainbat herritarrek.
Goierriko txirrindulari belaunaldi baten ikurretako bat izan da Joseba Beloki lazkaotarra. Duela 15 urte, Liberty Seguros taldearekin kontratua sinatu berria zen, eta gustura zegoen, “talde izugarria” baitzen berarentzat. Gainera, “Manolo Saizengana berriro hurbiltzea oso garrantzitsua” izan zen beretzat, haren lan egiteko modua ezagutzen baitzuen lehenagotik. Ordurako zazpi urte zeramatzan profesional mailan, eta 31 urterekin, bere ibilbidea bukatu aurretik, Tourra ez ezik, Giroa ere egitea zuen amets. Bere izena zeraman Beasaingo Beloki Peñak, urteroko sari ematea egin zuen, eta Joseba eta Gorka Beloki anaiez gain, Dioni Galparsoro, Joseba Zubeldia, Asier Mujika, Iñigo Andreu eta Joseba Agirrezabala txirrindulariak elkartu ziren afaritan.
Txirrindularitzatik goi mendietara. Pedro Garcia mendizale ordiziarrarekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen Hitzak gaurko egunez, Shisha Pangma (8.046m.) mendia igo eta hilabetera. Aurreneko zortzimilakoa zuen eta gustura itzuli zen, nahiz eta “amaiera aldean oso gogorra” egin zitzaion igoera. Xabier Ormazabalen heriotza ere gogoan izan zuen Garciak, “kolpe gogorra” izan baitzen mendizale guztientzat.
Urretxu-Zumarragan berrizm Intsumisio Taldea aurkeztu zuten, “espainiar eta frantziar inposaketari aurre” egiteko asmoz. EHNA erabiltzeko deia egin zuen herritar talde batek, eta abenduaren 6a bezalako “inposatutako jai egunei uko” egiteko deia egin zuten.