Heldu nahiz gazteak, euskaran murgiltzen
Goiztirik AEK-k etorkinentzako antolatutako euskara ikastaroa eta Segurako Euskal Girotze Barnetegia izan zituen hizpide Hitzak, duela 15 urte. Nesken areto futboleko euskal selekzioa Errusian izan zen, Europako Txapelketan.
Euskararen inguruko gai ugari ekarri zituen Goierriko Hitzak, gaur 15 urteko alean. Goiztiri AEK euskaltegiak etorkinentzako antolatutako euskara ikastaroen berri eman zuen batetik; eta bestetik, Segurako aterpetxean egiten duten Euskal Girotze Barnetegien inguruko erreportajea egin zuen.
Goiztiri AEK euskaltegiak, jatorri ezberdinetako etorkinei zuzendutako euskara ikastaroa antolatu zuen. Zazpi lagun hasi ziren bertan, eta haiekin izan zen Hitza, bakoitzaren esperientzien berri izateko. Lucia Martinez andaluziarra, Pere Gili kataluniarra, Karel Serckx flandiarra, Luzia Martinez uruguaitarra, Carlos Marañon gaztelarra eta Emi Garcia leondarra ziren horietako batzuk. Bertako jendearekin komunikatzeko edota lana bilatzeko euskarak zuen garrantzia azpimarratu zuten gehienek.
Helduekin ez ezik, gaztetxoekin ere egiten da euskal giroan murgiltzeko ahalegina Goierrin. Segurako Euskal Girotze Barnetegia da horren adibide. Txema Mujika begiralean, bertan egiten duten lanaren berri eman zion Hitzari. Hutsik zegoen eraikina hartu eta nola hasi ziren azaldu zuen, baita gaztetxoen taldeekin zein lan egiten duten ere. Gehienak, erdal eremuetako haurrak ziren, eta euskal giroan bizitzeko aukera ematen zieten, jolasen eta aisialdiaren bidez, euskaraz bizitzeko aukera emanez.
Nesken areto futbolak ere tarte berezia izan zuen egun hartan. Izan ere, euskal selekzioko kideak Errusian izan ziren, Europako Txapelketan parte hartzen. Tartean, hainbat goierritar aritu ziren jokatzen, eta Fernando Prados hautatzaileak, bidaiaren eta nesken areto futbolaren egoeraren berri eman zuen.