Idiazabalgo hiru mendizalek Aconcaguara egindako espedizioa kontatuko dute
Markel Lizarralde, Martin San Pedro eta Aritz Ugarte mendizaleekin emanaldia antolatu du Idiazabal Kirol Elkarteak, ostiralerako.
Duela urtebete, Idiazabalgo hiru mendizale Ameriketako mendirik garaienera, Aconcaguara abiatu ziren. Andeetan dago, Argentina eta Txile artean, eta 6.959 metroko garaiera du. Bidaia hura eta hango ibilerak kontatzeko, emanaldia antolatu du Idiazabal Kirol Elkarteko mendi sailak.
Bertan izango dira Markel Lizarralde, Martin San Pedro eta Aritz Ugarte mendizaleak. Bideo emanaldia egingo dute aurrena, eta ondoren, haiekin hizketarako tartea zabalduko dute. Saioa ostiral arratsaldean izango da, 18:30ean, Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian. Kirol Elkartetik, herritar eta mendizale guztiak gonbidatu dituzte saiora, “izadiaren ikusgarritasuna” eta “abentura handietan gertatzen diren abentura txiki guztiak” ezagutzeko aukera izango baita.