Merkatu Txikia eta Santo Tomas azoka egingo dituzte asteburuan
Haztegi Ikastolak Merkatu Txikia egingo du larunbatean, eta eskola publikoak Santo Tomas azoka antolatuko du igandean. Jaiotzaren irekiera ere egingo dute Haztegikoek.
Badatoz Gabonak Legazpira ere. Eta horrekin batera, Eguberrien aurreko asteetan egiten diren Merkatu Txikia eta Santo Tomas azoka ere bai. Haztegi Ikastolak antolatzen du Merkatu Txikia, eta Domingo Agirre ikastetxea eta Olazabal institutua Santo Tomas azoka antolatzeaz arduratzen dira. Larunbatean, abenduaren 14an, ikastolakoen txanda izango da; Domingo Agirre eta Olazabalena, berriz, igandean.
Datorren larunbatean egingo da Merkatu Txikia eta horren inguruko festa, 11:30etan hasita, Latxartegi parkean. Ikastolako guraso, irakasle eta DBH-4ko ikasleen artean antolaturiko jaia da. Liburuak, jostailuak eta arropak erosteko aukera izango dute bisitariek, besteak beste. Merkatu edo azoka berezi hori irekitzearekin batera, taberna ere irekiko da.
Merkatu Txikian aurten badago berritasun bat: Haur Hezkuntzakoentzat eta Lehen Hezkuntzakoentzat bi txoko prestatuko dituzte antolatzaileek, merkatua martxan dagoen bitartean jolas daitezen; haurrek eskulanak egin eta Olentzerori eskutitzak idatzi ahal izango dizkiote. Arratsaldean, eskutitzak Martin Pipasi emateko aukera izango dute. Eguerdian ikastolako dantzarien eta trikitilarien emanaldia izango da, eta arratsaldean Lehen Hezkuntzako 6. mailakoen abesbatzak Gabon kantak abestuko ditu. Txokolatea eta gailetak ere banatuko dituzte. Haztegi ikastolakoek herritarrak gonbidatu nahi dituzte parte hartzera: «Elkarrekin Gabonei hasiera goxo eta alai bat ematera gonbidatu nahi zaituztegu», adierazi dute. Guraso talde batek prestaturiko jaiotza erraldoia ere irekiko da arratsaldean.
Bestetik, igandean egingo dute Santo Tomas azoka Domingo Agirre ikastetxekoek eta Olazabal institutukoek. Aurreko urtean azokaren 25. urteurrena ospatu zuten eskola publikoko guraso eta ikasleek. Aurtengoa, beraz, 26. urtea izango da. Enparantzako arkupetan egingo dute, Azokan. Bertan talo eta gaztaina jana prestatuko dute, eta hainbat erakusketa, tailer, salmenta postu eta zozketa egingo dituzte, guztia jai giroan.
Talo tailerra
Larunbatean Domingo Agirre eskolakoek talo tailerra egin zuten Telleriarten. Eskolako Guraso Elkarteak antolatu zuen ekitaldia: «Santo Tomasen gertutasuna dela eta, talo tailer bat aurrera eramatea proposatu zen». Horrela, 30 lagun inguru elkartu ziren, guraso zein ume, taloak egiten ikasteko; masa egiten ikasi eta taloak jotzeko trikimailuak azaldu zizkieten. Egindakoak dastatzeko aukera ere izan zuten. «Esperientzia bikaina izan zen», azaldu dute.
Santo Tomas azokan talo postua izango dute. Tailerraren helburuetako bat izan da azokako talo postuan parte hartzea areagotzea. Horrez gain, euskal kulturako altxorrak indartzea ere izan du helburu tailerrak, baita haur eta gurasoek elkarrekin arratsalde polit bat igarotzea ere.
Eskolako Guraso Elkarteak Telleriarteko talogileei eskerrak eman nahi izan dizkie, «beraien arduragatik eta emandako erraztasun guztiengatik».