Zortzi finalistak, larunbaterako prest
Larunbatean jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala Donostian. Zortzi finalisten artean da Nerea Elustondo legazpiarra. Goierriko Bertsozale Elkarteak bigarren autobusa antolatu du.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak Donostian bildu dira gaur, larunbatean jokatuko duten finaleko saioa aurkezteko. San Telmo museoan egin duten ekitaldian izan dira Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariarekin eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotziarekin batera.
Finala 17:00etan hasiko da, Donostia Arena (Illunbe) aretoan. Ion Zalduak eta Itziar Etxezarretak aurkeztuko dute, eta bertsolarien lana epaitzen sei epaile ariko dira: Amaia Otxotorena, Eneritz Azkue, Maite Sukia, Mikel Beloki, Mikel Lersundi eta Zigor Leunda. Idazkari lanak, berriz, Joxemari Altunak, Silvia Etxanizek eta Gorka Segurolak egingo dituzte.
Finaleko sarrerak larunbat eguerdiko 13:00ak arte erosi ahal izango dira bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrera guztiak agortu ez badira, 15:00etan irekiko lukete txarteldegia, Illunben bertan. Sarrerarik ez duenak, zuzenean jarraitu ahal izango du finala, ETB4 katean, eta eitb.eus-en. Igandean berriz, Hitzetik Hortzera-k saio berezia eskainiko dio finalari.
Finaleko ariketak
Finalaren lehen zatian, zortzi bertsolariek 15na bertso puntuagarri abestu beharko dituzte. Binaka, zortziko handian eta txikian ariko dira, gaia emanda. Bakarka, zortziko txikian, puntua emanda ari beharko dute gero. Binaka, hamarreko txikian ere egingo dute, eta bukatzeko, bakarka eta gaia emanda, nahi duten neurri eta doinuan beste hiruna bertso kantatuko dituzte. Lehen zatian punturik gehien lortutako bi bertsolariak pasako dira bigarren atalera; bertan, sei puntuko motzean eta zortziko txikian ariko dira binaka, eta bakarka, doinu eta neurri librean egingo dute azken saioa.
Bigarren autobusa Goierritik
Goierriko Bertsozale Elkarteak, bigarren autobus bat antolatu du larunbaterako, aurrenekoa bete eta gero. Zumarragatik (14:30) abiatuko da, eta Ormaiztegin (14:45), Beasainen (14:55) eta Ordizian (15:00) egingo ditu geldialdiak. Izena emateko goierrikobertsozaleelkartea@gmail.com helbidera idatzi edo 667 508 594 zenbakira whatsapp mezua bidali behar da. Osteguna izango da izena emateko azken eguna.