Motor asteburu «ikusgarria» antolatu dute Beasainen
Motor hotsarekin batera, segurtasuna, heziketa eta historia lotu ditu III. Beasaingo Motor Asteburuak. Segurtasun ikastaroak Gernika pasealekuko aparkaleku berrian izango dira.
Segurtasuna, heziketa, historia eta motorra uztartuko dituzte beste behin ere III. Beasaingo Motor Asteburu «ikusgarrian». Izan ere, «motorraren arlo guztiez gozatzeaz gain, kontzientzia eta segurtasuna lantzea» baitira motor asteburuaren helburu nagusiak. Beste behin ere, «herrikide arteko harremanak sendotzeko» urratsa emango da, «aurreko urteko belaunaldi ezberdinen arteko lankidetza ikusita».
Adin guztietako herritarrentzako ekintzak antolatu dituzte bi egunerako. Haurren gunea Gernika pasealekuko pilotalekuan egongo da. Bide heziketa ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute kart elektrikoekin, errepideetako seinale, zebrabide edo oztopoen aurrean zer jarrera eduki eta zein erabaki hartu ikasiko dute. Jolaserako scalextric erraldoia eta kotxe telegidatuak ere izango dituzte. Aurten gainera, pilotalekuaren aldameneko karpan motor elektrikoak egongo dira.
Bestalde, aurten indarberrituta dator ibilgailu klasikoen erakusketa. Munduan ezagutzen den lehenengotariko ibilgailu elektrikoa 1890-1895ean eraikitako voiturette electrique ikusgai izango da. «Ibilgailu klasikoen erakusketako parte hartzaile baten proposamenari jarraituz, Renault 5 Gt turbo autoen topaketa eta ibilbidea egingo da erakusketara sartu aurretik». Larunbatean, 10:30ean, Gipuzkoa plazan jarri dute hitzordua. Goierriko errepideetan ibilbidea egin ondoren, 12:00etan erakusketara iritsiko dira. Parte hartu nahi dutenek info@beasaingomotorasteburua.eus helbidera idatzi behar dute mezua.
Segurtasuna
Aurten kokapen berria izango du segurtasunerako egokitutako guneak: Gernika pasealekuko pilotalekuaren atzeko aparkaleku berria. Antolatzaileen esanetan, kokaleku berri arekin «are eta garrantzia handiagoa» eman nahi izan die segurtasunari. Gidabaimena aurkeztu eta egunean bertan izena emanda, segurtasunez gidatzeko ikastaroetan parte hartu ahal izango da, «zirkuitu itxi batean teoria zein praktika landuz».
Iraultze simulagailua ere jarriko dute, «istripu batean autoa iraultzerakoan jasandakoaz jabetu eta egoera horretan zer egin ikasteko». Bestalde, istripuen ondorioz sortutako zauri edota egoerei zein erantzun eman jakiteko lehen sorospenen ezinbesteko ikastaroa ere antolatu dute.
Triala eta Erauskin Igoera
Ikuskizunaren aldetik, bi hitzordu izango dira asteburuan Beasainen. Larunbatean, 19:30ean, trial ikuskizuna egingo dute Bideluze plazan, Funbox Factory etxearen bitartez. «Bera eta Irun ingurukoak dira, hainbatetan Nafarroako txapeldunak izanak». Motorrak baliatuz zirkuitu moduko batean aurkituko dituzten oztopo guztiak gainditzen saiatuko dira pilotuak.
Igandean, berriz, motor hotsa eta gasolina usaina izango dira Erauskin plaza eta Erauskin auzo tartean dauden 2,5 kilometroko maldetan, 10:00etatik aurrera. Lau igoera egingo dituzte pilotuek: bi entrenamendu eta bi kronometratuak. Euskal Herriko zein estatu mailako 30-35 pilotu onentsuenak ariko dira lehian. «Nahiz eta txapelketako proba puntuagarria ez izan, federazioaren onespena izateaz gain, legeak ezarritako segurtasun neurri guztiak bermatuko dira». Joseba Iraola Beasainen izango da aurten ere, «Porsche ikusgarriarekin».
Nafarroa Etorbidean eta Gernika pasealekuan, hainbat stand eta auto jarriko dituzte.
Zirkulazioan aldaketak
Motor asteburua dela eta, Gernika pasealekuko aparkalekuan, Erauskin plazan eta Erauskin kalean ezingo da aparkatu ostiraleko 09:00etatik aurrera. Era berean, Erauskin Igoera egiten den bitartean, 09:00etatik 14:00etara, kale horietan ezingo da ibilgailuekin ibili. Dena den, udaltzaingoak jakinarazi duenez, «ekitaldi desberdinen artean, Beasainmendi auzoan bizi direnek, irtetea posible izango dute, ordutegia ondorengoa izanik: 10:30-11:00, 11:30-12:00 eta 12:30-13:00». Era berean, proba garaian, San Inazio kalean eta Erauskin plazako bidegurutzean trafikoa erabat etenda geratuko da, Oriamendi kalerantz joateko aukerarik gabe. Oriamendi kalean, Erauskin plazatik Nekolalde kaleko bidegurutzeraino bizi direnek, proba amaitu arte sartzerik ez dute izango.
Bestalde, Nafarroa Etorbideko 1-25 zenbakien bitartean dauden garajeetako erabiltzaileek irteera eta sarrera Barrendain plazatik izango dute. Erauskin plazatik Igartza Oleta kalerantz bizi direnek Joan Iturralde eta Trenbide kaleetatik zirkulatu beharko dute.
EgitarauaLarunbata
· Ibilgailu klasikoen erakusketa. 10:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Loinazko San Martin plazan eta plazapean.
· Bide heziketa. 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara. Gernika pasealekuko pilotalekuan.
· Segurtasunez gidatzeko ikastaroak. 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara. Gernika pasealekuko pilotalekuaren atzeko aparkaleku berrian.
· Trial ikuskizuna. 19:30ean. Bideluze plazan.Igandea
· VI. Erauskin igoera. 10:00etan. Erauskin plazatik Erauskin auzora.
· Ibilgailu klasikoen erakusketa. 10:00etatikk 15:00etara. Loinazko San Martin plazan eta plazapean.