Aldaketaren bidean
Aizkorpeko aurrenko Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zuten gaur 15 urte, eta Nahikari Gabilondo zarauztarra izan zen garaile. Aramak Agenda21ekin bat egin zuen. Legazpin, igogailua jartzekotan ziren Euskaltegiko eraikinean
Duela egun gutxi jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala, eta historian aurrenekoz, final parekidea izan da, lau gizonezkok eta lau emakumezkok osatu baitute finaleko zortzikoa. Duela 15 urte ere, bertso kontuak izan zituen hizpide Goierriko Hitzak. Azalean ageri zen Irrati Bidezko I. Aizkorpe Bertsolari Txapelketa. Titular nagusia, irabazlearentzat, Nahikari Gabilondo zarauztarrarentzat izan zen. Argazkian, berriz, urtetxo batzuk gutxiagorekin, lehen hiru sailkatuak: Iñigo Izagirre hirugarren sailkatua, Nahikari Gabilondo irabazlea, eta bigarren egin zuena, Iker Zubeldia. Barruko orrietan, finalaren ondorena emateaz gain, protagonista nagusiari kendutako hitzak: «Txapelketaren filosofiak erakarrita» eman zuen izena. Arreta erakartzen duen datu bat da final hartan izan zen emakumeen presentzia. Gabilondo izan zen emakume bakarra, eta berak eraman zuen txapela.
Azalean ageri zen, baita ere, Aramak Agenda 21 egitasmoarekin bat egin berri zuela. Inguruneari eragiten dion herri eredua aztertu eta estrategia ezberdinak zehazteko helburuarekin sortu zuten herritarren arteko foroa.
Bien bitartean, Legazpiko euskaltegiko eraikinean, azpiegiturak hobetzeko nahia agertu zuen garai hartako udal gobernuak, igogailua jarrita, irisgarritasuna hobetze aldera.
Egun hartako GOIERRIKO HITZAko azaleko beste gai bat izan zen Zumarragako Aintzinako Ama Txistulari taldeak antolatu ohi duen alardea. Aurtengorako ere prest daude. Datorren abenduaren 21ean izango da, Beloki pilotalekuan. Bestetik, Ataungo San Gregorioko Errotatxoa zaharberritu ondoren, iraganean ataunen bertan eta Euskal Herrian izan zuten garrantzia balorean jartzeko bisita gidatua ere iragartzen zen azalean.