Baratzeetarako eskabidea aste honetan egin behar da Lazkaon
Zubizkitzan Agauntzaren meandroan daude herri baratzeak 2020an erabili nahi dituzten herritarrei izen-emate epea ireki die Lazkaoko Udalak. Eskaera (lazkao.eus gunean dago orria) ostiralean 12:00etarako aurkeztu behar dute, udaletxean.
Oraingo erabiltzaileen esleipena urtarrilaren 31n bukatuko da, eta otsailetik aurrera hartu ahalko dituzte izendatu berriek. Guztira 30 baratze daude, 50na metro koadrokoak. Ura badago, baita tresnak gordetzeko etxola eta erabiltzaileen arropen nahiz gauzen armairuak ere.
Lazkaon erroldatuek soilik eska dezakete herri baratzea. Familia-unitateko inork ezin du beste baratzerik eduki edo eskatu, ez Lazkaon, ez beste herriren batean. Urtebeterako iraupena izango du izendapenak.
Udal berriak Whatsappez
Udalak beste komunikazio kanal bat jarriko du eskura, udal informazioa herritarrei emateko: Whatsapp taldea. Urtearen hasieran jarriko dute indarrean.
Lazkaotarrek telefono zenbakia udalaren esku utzi behar dute, bide horretatik berriak jaso ahal izateko. Etxeetara zabaldutako informazio-orrian datuak bete eta udaletxean edo eraikin publikoetan utzi behar da. Izen-abizenak eta telefono zenbakia eskatu dituzte, baita emaila aukeran ere, udal buletinarentzat.
Zabalkunde zerrenda gisa funtzionatuko du Whatsappeko kanalak: inork ezingo du beste hartzaileen zerrenda ikusi, eta udalaren sakelako telefonoaren zenbakia bere kontaktu zerrendan gordetakoek soilik jasoko dituzte mezuak.
Informazioa emateko «azkartasuna, zuzenekotasuna, era pertsonalizatua eta eraginkorra» dela esan du udalak.













