Bi-Tartean elkarteko merkatariek bi zozketa antolatu dituzte
Urretxu eta Zumarragako merkatari elkarteak gabonetarako kanpaina aurkeztu du. Opariez gain, deskontu bonoak ere zozkatuko dituzte aurten.
Bi-Tartean elkarteko merkatariek bi zozketa antolatu dituzte Gabonetarako. Igandean 100 euroko 20 erosketa bale zozkatuko dituzte eta urtarrilaren 5ean 20 euroko 100 erosketa bale.
Igandeko zozketan hilaren 9tik 21era elkarteko dendetan erosketak egindakoek parte hartuko dute. Ekitaldia Areizaga-Kalebarren plazan izango da. 12:30ean Iban Garcia instagramer-aren saioa egongo da eta 13:30ean zozketa egingo dute. Saria etxera eramateko bertan egon behar da.
Urtarrilaren 5eko zozketan, berriz, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra elkarteko dendetan erosketak egiten dituztenek parte hartuko dute. Ekitaldia 13:30ean izango da, geltokietako enparantzan. Aurreko urteetan dendek emandako opariak zozkatu dituzte. Aurten, berriz, dendek 20 euroko erosketa baleak emango dituzte. Denda bakoitzak bale bat zozkatuko du eta erosketa denda horretan egin beharko da.
Zozketa horiek atzo aurkeztu zituzten. Urretxuarrak eta zumarragarrak Gabonetako erosketak bi herrietako dendetan egitera animatu zituzten.