«Garrantzitsuena Gaintza ez hustea eta bizirik mantentzea da»
Biziraupenaren atakan dago Gaintza. 120 biztanleko mugatik jaistear da, baina aspaldiko gazte gehien ere baditu. Gaizka Balerdi alkateak (Hernani, 1984) etorkizuneko ideia batzuk aurreratu ditu.
Esan ohi da agintaldi bat laburregia dela. Bigarrena duzu.
Bigarren agintaldia dut alkate moduan, eta aurretik beste bat egin nuen zinegotzi. Motz? Agian bai. Azken batean, martxa hartu-eta egiterako, bukaera ate joka izaten da. Proiekturen bat airean geratu zaigu, eta talde osoa berria sartu beharrean, norbait behintzat geratzea erabaki genuen, aurrera eramateko gaitasuna dagoen ikusteko.
Lau urtero taldea osatzeko lain bada Gaintza. Herri txiki batzuetan hutsik geratu dira.
Nahiz eta herri txikia izan, aurkitu dugu jendea zerrenda osatzeko konpromisoa hartu eta lau urtean proiektu honi denbora eskaintzeko gogoa duena. Alde horretatik, zortea dugu. Hauteskundeak errepikatu behar izan dituzte herri askotan, zerrendak falta zirelako. Gaintzan aurretik lanketa bat egiten da, hautagaiak badauden ikusteko.
Hautesle errolda hain txikia izanda, errotazioz tokatzeko aukera ere handia izango da?
Bai. Biztanleria txikia da, hautagaiak gutxi, eta herritarren zati handi batek esperientzia izan du udalean, asko pasatu dira demokraziako lehenengo hauteskundeak izan zirenetik. Lehendik jarraitzen duen bakarra ni naiz. Inazio Jabier Garmendia ere badago, hiru legealditan alkate izana, eta esperientzia daukan pertsona baten laguntza beti etortzen da ongi.
Zein dira egunerokoan Gaintzak dituen lan handienak?
Urteko garaiaren arabera. Baina nagusiak, azken batean, edozein herritako beharrak dira. Batetik, errepideen mantenimendua. Landa garapen proiektuei esker, etxe eta baserri denetan jada Interneteko banda azkarra sartuta daukagu, eta hori, gaur egun, gauza oso positiboa da. Garraio zerbitzua, bestetik; zerbitzu on bat edukitzea interesatzen zaigu. Zortez, azken urteetako jende gazte kopuru handiena daukagu. Hori pozgarria da, baina betebehar batzuk ere baditu.
Aspaldiko gazte gehiena baldin badago, esperantza ere bai ala?
Bai. Daukagun interes handiena da biztanleria ahalik eta gutxien murriztea, eta gehitzeko aukera baldin badago, aprobetxatu. 18-20 urtetik beherako haur edo gazte dezente daude, 15-18 inguru. Kezka ere badago: mundua zabala da, eta aukera asko dago kanpora ateratako pertsonak gero herrira berriz ez itzultzeko.
120 bat bizilagun zarete orain?
Bai. Biztanlerian daukagun arazo handienetako bat hori da, urtetik urtera heldu gehiago dauzkagula. Aurten, adibidez, lauk tamalez utzi gaituzte, eta gogorra izaten da. Nabaritzen da hori.
Proiektu batzuk utzi zenituztela esan duzu. Zeintzuk?
Esku artean daukagun proiektu nagusienak dira Gaintza ahalik eta bizien mantentzea, eta herritarren arteko harremana eta kohesioa bizirik mantentzea. Lanera edo ikastera inguruko herrietara joan beharra dago, eta bizitza soziala herritik kanpora da. Herria loleku soilik bihurtzeko arriskua dago. Orduan, ahal dela mantendu nahi dugu herriko kohesioa, hemengo giroa ez galtzeko. Zeren azken urteetan edo belaunaldietan nabaritu da galera bat; lehen, adibidez, ostiralero gazteak biltzen ziren, elkartean afaldu, musean jolastu, irteerak elkarrekin egin… Tamalez, azken aldian galtzen ari da. Ihesbide ugari, hemen eusteko.
Zein izan daitezke aktiboak?
Nagusietako bat, Plan Orokorra. Hasi gara lantzen, eta agintaldi honetan amaitu nahi dugu. Horrekin batera, herriko itxura ahalik eta berdeen, egokien, txukunen mantendu. Bizitza soziala edo elkarbizitza egiteko guneren bat jarri nahi genuke.
Zer motatako gunea litzateke?
Herrigunean inguru berde bat sortzea da asmoa, parke txukun, polit batekin: merendaleku bat, komun publikoak… Hasierako asmoa hori da, ikusi beharko da nola lor dezakegun aurreratzea.
Oztopo handiena diru falta da?
Bai, baliabide ekonomiko falta. Ideiak baditugu, egiteko gogoa ere bai, baina ezin egin. Eta ez genuen uste, baina baliabide faltaz aparte, aurkitu gara horretaz arduratzen diren arkitekto bulego asko eta asko ez daudela lan hauek egiteko prest.
Biztanleriaren galera galgatzea aipatu duzu. Desafioa, ezta?
Biztanleria, posible den neurrian, handitu nahi dugu. Ez da epe motzerako helburu bat. Bi zentzutan handitu daiteke: kanpoko jendea etorrita Gaintzara bizitzera; edo, agian interesgarriagoa edo garrantzitsuagoa, eta ikusita gazte dezente daukagula, haiei errazbideak emanda hemen geldi daitezen.
Etxebizitza aldetik, udaletxeko eraikinekoak saldu dira?
Bat hasieratik saldu zen, eta gaur bertan [abenduak 10] eman didaten berria da Etxebidek zeuzkan bi etxebizitzak ere saldu direla. Jende berria sartzen ikusteak eta bizitza egiten ikusteak poza ematen du beti.
Haur eskola martxan dago ?
Ez. Tamalez, kurtso amaieran itxi egin behar izan genuen, hasieratik hasteko ez geneukalako haurrik. Orain, ematen du aukera daukagula urtarriletik berriz martxan izateko. Esperantzarekin, eta aukerekin ere bai. Kanpoko norbaitek zerbitzu hori behar badu, gu besoak zabalik gaude jendea hartzeko.
Garraio zerbitzua eskaera bidezkoa da. Gustura?
Nahiko haserre gaude, ez zaigu egokia iruditu eraman den prozedura. Uda hasterako bagenekien zerbitzua ematen zuen enpresan aldaketa izango zela, eta Garraio arduradunarekin harremanetan jarri ginen, nola izango zen jakin nahi genuelako. Abenduaren 1ean sartu zen zerbitzu hori martxan; guk azaroaren 27-28an jakin genuen, baina ez Foru Aldundiak jakinarazita, kanpotik baizik. Uztailetik informazio eske aritu gara lanketa egiteko asmoarekin, eta oraindik ez jakitea, ez da politena.
Herri bezala ahaztua, baztertua sentitzen da Gaintza?
Goierriko gainontzeko herriekiko ez, nik pertsonalki ez daukat sentsazio hori. Agian, Administrazioaren eta zerbitzuaren arabera, bai. Momenturen batean herritarrek esan digute: daukagun sentsazioa da bigarren mailako herritarrak eta hirugarren mailako herria garela, garraioari eta errepidearen mantenimenduari dagokienez. Erabilera-maila txikiagoa da, baina gainontzeko herri handiek bezainbesteko betebeharrak dauzkagu. Orduan, behar ditugun zerbitzuak eta dauzkagun eskubideak ere berdinak dira.
Zer lortu nahiko zenuke datozen lau urteetan?
Udaleko gastuak egunean eraman, zorrik gabe bukatu, eta gastu guztiak ordainduta uztea. Hori jada, zati handi batean, pozgarria da. Gaur egun ez daukagu ez krediturik eta ez zorrik, alde horretatik oso gustura gaude. Baina ez dakizu noiz sortuko den behar edo arazoren bat. Eta, garrantzitsuena, Gaintza ez dadila hustu, bizirik mantendu.
Ideiarik bai nola?
Epe ertain-luzera biztanleria handitzeko, proiektu bat gauzatzea oso interesgarria da. Baserri eta lur asko daude, toki polita da negozioak edo turismoarekin lotutako proiektuak martxan jartzeko… Baina horretarako txukun mantendu behar da, eta nekazarien lana beharrezkoa da. Lurrak sasiak jaten baditu, xarma guztia galtzen da. Txindokiren magalean gaude, oso toki polita da. Gaur egun ez daukagu halako eskaintzarik, eta interesgarria litzateke martxan jartzea.