Ordiziako Lasa harategiak irabazi du Euskal Herriko Txistor Lehiaketa
Lasa harategia hartu duen Maxi Caligaris argentinarrak irabazi du lehiaketa, berak egindako txistorrarekin aurkeztu den aurreneko aldian.
Argentinatik etorria bada ere, eskola ona izan du Maxi Caligaris harakinak. Ordiziako Lasa harategian aritu da lanean hainbat urtez, eta bertako jabeak jubilatu eta gero, hark eman dio segida negozioari. Aurten aurkeztu da aurreneko aldiz Ordiziako lehiaketara berak egindako txistorrarekin, eta Euskal Herriko Txapela jantzi du, estreinekoan.
Caligarisek “Nikolas Lasaren ondorengoa” dela dio, eta haren tradizioari eutsi diola; “berak bezala lan egiten dugu, ilusio handiarekin eta gogo askorekin”. Saria jaso berritan “oso pozik” agertu da, baina ez zuela espero aitortu du. “Hirugarren urtea da Lasaren harategian nagoela, baina lehen urtea da bakarrik, nire kontura aurkezten naizela”. Hori bai, txistorra “haiek erakutsita bezala” egiten jarraitzen duela azaldu du. Lehengai onak erabiltzea eta “produktua asko mimatzea” omen da sekretua.
Euskal Herriko Txistor Lehiaketa:
1. Lasa harategia (Ordizia) ……………. 134,50
2. Mujika harategia (Eibar) …………… 117,70
3. Patxi Aranberri (Elorrio) …………… 115,00
4. Zuazu harategia (Dima) …………….. 111,50
5. Erauskin harategia (Ataun) ……….. 110,50