San Ignazio hobetzeko proiektua aurkeztuko du udalak bihar
Legazpiko Agenda 21eko Foroaren bilera irekia egingo dute San Ignazioko eskoletan. Europako Life proiektuaren baitan dago proposamena
Legazpiko Udalak San Ignazio auzoko hiri eremua hobetzeko lanen proiektua aurkeztuko du bihar. San Ignazioko eskoletan izango da bilera, 18:30etik 20:00etara. Legazpiko Agenda 21 Foroaren bilera irekia izango da, eta udalak legazpiarrak deitu ditu parte hartzera, bereziki San Ignazioko auzotarrak.
Urriaren 10ean egindako bileran, San Ignazioko hiri eremua hobetzeko proposamena aurkeztu zuen udalak; saiora bertaratu zirenek haien ekarpenak adierazteko aukera izan zuten. Ekinn enpresako lantalde batek egin zuen San Ignazioko erdiko kalean aplikatuko den konponbidearen lehen zirriborroa, eta bertaratu zirenekin elkarrizketarako espazioa ireki zen. 48 herritar izan ziren bertan: 25 emakume eta 23 gizon, gehienak San Ignazio auzokoak.
Proposamenak eta kezkak
Ane Mendinueta udal arkitektoak eta Jon Laurenz Ekinneko arkitektoak aurkeztu zuten zirriborroa, eta helburu batzuk ezarri zituzten: hiri espazio adiskidetsua izatea eta ingurunea berriz naturalizatzea, oinezkoek euren lekua berreskuratzea, naturan oinarrituriko teknikak berreskuratzea, eta lurpeko instalazioak berritzea. Helburu horiek lortzeko hainbat proposamen egin zituen udalak. Besteak beste, dauden aparkalekuak berrantolatzea, oinezkoentzako 1,7 metroko ibilbidea egitea, zoladura iragazkorra jartzea, edo zuhaitz berriak landatzea.
Ideia horien inguruko zalantzak eta iritziak azaldu zituzten bertaratutakoek. Hezetasunarekin kezkatuta agertu ziren: drainatze sistema erabiliz euri ura jaso eta bideratzeko proposamena taldearen gustukoa izan zen, auzoko zenbait eraikinetan urarekin duten arazoak okerrera egiten ez duen heinean. Obrek ere zalantza sortu zuten, hainbat eraikinetako zimenduen egoera ez delako ona. Udalak adierazi zuen segurtasuna bermatzeko azterketak egingo dituztela lanak hasi baino lehen.
Biharko aurkezpena
Ordutik azterketa teknikoak burutu dituzte, eta bihar proiektuaren zehaztapena aurkeztuko dute, San Ignazioko eskoletan, 18:30etik 20:00era bitartean. Udalak azaldutakoaren arabera, «hirigintza mailako esku-hartze berritzailea» da gauzatuko dena, eta auzoa «klima aldaketaren eraginera egokitzea» ahalbidetuko da. Europako Life proiektuaren baitan dago ekimena.
Ez da auzo bakarra izango. San Ignazioz gain, Arantzazu, San Martin eta San Jose auzoak eraberritzeko plana du Legazpiko Udalak. Klima aldaketaren aurkako politikak egiteko konpromisoa hartu duela adierazi du administrazioak, Legazpi Klima 2030 planaren markoan.