Zazpi erakundek jasoko dituzte garapenerako diru laguntzak
Ordiziako Udalak 75.000 euro inguru bideratuko ditu garapen bidean dauden herrialdeetako proiektuetara. Egiten duten lana eskertzeko aitortza egin diete
Ordiziako Udalak garapenerako lankidetza proiektuetara 75.000 euroko diru laguntza bideratuko du aurten. Adur Ezenarro alkateak nabarmendu duenez, «hamaika izan dira aurkeztu diren proiektuak, eta horietako zazpi izango dira Ordiziako Udalak diruz lagunduko dituenak».
Badira urte batzuk, erakunde desberdinei diru laguntzak bideratzen dizkietela Ordiziako Udaletik. Modu horretan, garapen bidean dauden lurraldeetan lanean ari diren erakundeei babesa adierazten diete. Atzo, udaletxean, aitortza egin zieten erakunde horiei eta, bide batez, erakundeetako ordezkariek garapen bidean dauden herrietan dituzten proiektuen xehetasun guztiak eman zituzten. Erakundeek «eskerrak» eman zizkieten Ordiziako Udalari eta herritarrei, eta alkateak, haiei bueltan, «eskerrak» adierazi zien, «egiten duten lanagatik».
Laguntzen banaketa
Amerikan eta Afrikan erabiliko dute gobernuz kanpoko zazpi erakundeek Ordiziako Udalaren partetik jasotako dirua: Lankidetzarako Ingeniariak erakundeak 6.000 euro, Etiopia Utopia Fundazioak 11.080,18 euro, Taupadak Garapenerako Gobernuz Kanpoko Elkarteak 9.485,69 euro, Asamblea de Cooperacion por la Paz-ek 12.000 euro, Medicus Mundi Gipuzkoak 11.988,36 euro; San Viator (SERSO) Servicio de Solidaridad Euskal Herriak 11.869,05 euro, eta Nazioarteko Elkartasunak 11.840,15 euro.