Txirrindulari, bertsolari eta idazle harrobia
Goierriko kultur eta kirol harrobiaren berri eman zuen Goierriko Hitzak, gaur 15 urte. Ormaiztegin ziklo-kros proba prestatzen ari ziren; Seguran, Aizkorpeko bertso txapelketa egin zuten; eta Urretxu-Zumarragan, krisma eta idazlan lehiaketen sariak banatu zituzten.
Goierri harrobi ona izan da kirol eta kultur arloan, eta horren adierazle da, gaur 15 urteko Goierriko Hitza egunkaria. Ormaiztegiko txirrindulari gazteak, irrati bidezko bertsolari txapelketa, eta gaztetxoentzako krisma eta idazlan lehiaketa izan zituen hizpide, besteak beste.
Ormaiztegin betidanik izan da txirrindularitzarako afizioa, eta izen handiak eman ditu kirol horrek. Bertako Ziklo-kros proba oso ezaguna da, baina hainbat urteko etenaren ondoren, 2004an berreskuratu zuten lasterketa hori. Herriko txirrindulari gazteei ere aipamena egiten zien artikulu hark, tartean ziren gerora hain ezagun egin diren Gorka eta Jon Izagirre anaiak, baita Urko Lasa eta Egoitz Berasategi ere.
Segura aldetik berriz, bertso doinuak zetozen. Bukatu berria zen Segura Irratiak antolatutako Aizkorpeko I. Bertso Sariketa. Hamasei bertsolari gaztek parte hartu zuten, eta sari nagusia, Nahikari Gabilondo zarauztarrak irabazi zuen. Iker Zubeldia zegamarra gelditu zen bigarren.
Urretxu-Zumarragan berriz, bi udalek antolatutako Gabonetako krisma eta idazlan lehiaketako sariak banatu zituzten. Gainzuri, La Salle eta UZ Ikastolako ikasleak izan ziren saridunen artean. Tartean ziren gerora bertsolari ezagun egin diren Maialen Akizu eta Amaia Iturriotz, besteak beste.