Eguberri beteko egunak
Goierriko herri hazienetan asko dira datozen hamabost-hogei egunetarako antolatutako ekitaldiak. Musika emanaldiak, dantza saioak, azokak, kirol probak, aukera zabala da oso
Urteko azkeneko egunak iritsi dira, familian eta lagun artean, eta falta direnak gogoan, Eguberriak eta Urte Zaharra eta Berria ospatzeko egunak. Eguberri aurreko asteburua ere gabon itxura bete-betekoa da, Goierriko herrietan antolatu diren dozenaka ekitaldi dira horren adibide. Urrutira joan gabe, askotariko ekintzekin gozatzeko aukera izango da datozen egunotan.
BEASAIN
Beasainen gaur bertan hasiko dira Eguberrietako ekitaldiak, gabonetako argiak piztuta (17:30). Bihar, berriz, Ostadar dantza taldearen urteroko dantza emanaldia izango da Usurbe Antzokian (19:30); dohainik da. Euskal Herrian barrena bidaiatuko dute dantzaren bidez, «Bizkaiko Arratia haranean, Gipuzkoako erdigunean edota Nafarroako Pirinioetan geldialdiak eginez». Igandean, 20:00etan, Loinatz Abesbatzak Messiah eskainiko du, Caritasen aldeko elkartasun kontzertuan, elizan. Sarrerak 10 euro balio du.
Abenduaren 24an, Aizkorri Mendizale Elkartekoak Aizkorrira joango dira, 08:00etan irtenda. 10:00ak aldera, eskoletako haurrak, irakasleak eta gurasoak ariko dira kantuan, 12:00etan Olentzerori eta Maridomingiri ongi etorria egiteko; iluntzean, Kantu Jirakoekin egingo dute gabon eskea. Eguberri egunean, berriz, ohiko kalejira egingo dute Goizeresi txistulari elkartekoek (12:00).
Hilaren 26an Txan Magoak Hausle ikuskizuna eskainiko du plazapean (18:00) eta hilaren 27an, 2019ko Beasain Kirol Sariak banatuko dituzte Igartzako jauregian (19:00). Hilaren 31n, San Silbestre Txikia (10:30) eta San Silbestre Krosa (12:00) jokatuko dira.
Zirkulazioari dagokionean, Zaldizurreta kalea itxiko dute gaur eta 24an (18:30-22:00).
LAZKAO
Musika izango da Lazkaon Eguberri aldiko ezaugarrietako bat. Lazkao Txiki Musika Eskolak herenegun egin zuen emanaldiaren ondoren, Eguberri jirako bi kontzertu izango dira. Kantaka abesbatzak gaur egingo du, San Prudentzio ermitan, 19:30ean. Jundajo txarangak, bere aldetik, abenduaren 27an Erroak emanaldia aurkeztuko du, Arerian (19:00). Laguntzaile izango dituzte Antzar Gazteak txistulari taldea, Kantaka korua eta Oin-Arin taldeko dantzariak eta txistulariak. Urtarrilaren 2an, Pucciniren Turandot opera emango dute, Arerian (20:15).
Kantuan ibili ondoren, Gabon egunean Olentzerori eta Maridomingiri harrera eta gutun ematea izango dira. San Prudentzio ermitatik 19:30ean abiatuko da segizioa, plazan bukatzeko.
Azken urteetan ezaugarri bihurtu diren bi ekimen errepikatuko dira. Irristaketarako izotz pista jarriko dute plazako frontoian, abenduaren 27tik 30era (11:00-13:30 eta 16:30-20:30). Bestetik, su artifizialen ikuskizuna abenduaren 29an egingo dute, 20:00etan.
Kirolean, berritasuna Lazkao Kirol Elkarteak antolatutako lehen Jubenilen Futbol Txapelketa da. Abenduaren 28an, Lazkao, Reala, Elorrio eta Orioko ariko dira. 10:30ean hasiko da, eta finala 17:00etan jokatuko dute. Zortzigarrren aldia duena San Silbestre krosa da, 31n. Haurrak 11:30ean eta helduak (14tik gora) 12:30ean dira (5,2 km).
Merkataritzako erakusleiho lehiaketa azken txanpan sartu da. Botoak asteartera arte eman litezke, eta sariak 27an banatuko dituzte, udaletxean, 13:30ean. Dendarientzat eta botoa eman duten erosleentzat daude.
Gabonak luze joko dute Lazkaon. Erregeen desfilea urtarrilaren 5ean egin, eta Astotxo Eguna 12an ospatuko dute.
LEGAZPI
Eguberri girotzea joan den astean hasi bazen ere, Haztegi ikastolak gaur, 12:00etan, irekiko duen jaiotza erraldoiarekin abiatuko da programazioa Legazpin. Bihar, hilak 21, haurrentzako Gabon irudien lehiaketa dago, eta astelehenean emango dituzte sariak, 17:30ean. Lan horiekin erakusketa jarriko dute gero urtarrilaren 10a arte.
Musikak ere tartea izango du asteburuan. Goiz Deia txistulari taldeak emanaldia egingo du bihar (13:00) Kale Nagusian, eta 19:30ean, Alaitasuna errondaila gizarte zentroan izango da. Gabonetako kontzertua igandean da elizan (19:00): Legazpi Musika Bandak, Santikuntz abesbatzak eta Doinua musika eskolako abesbatzak hartuko dute parte.
Eguberri bezperako kantu erronden ondoren, umeentzako pailazo ikuskizuna dago Latxartegin 27an, eta bi egun beranduago, 29an, Korosti dantza taldeak Ameriketara joan nintzen… jaialdia egingo du Urbeltz pilotalekuan. Hilaren 30ean, berriz, erregeentzako gutunak bilduko dituzte Azokan iluntzean (18:00-20:00). II. San Silbestre krosa egingo dute 31n, eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an, haur parkea jarriko dute. Errege desfilea, ohi bezala, 5ean izango da.
ORDIZIA
Ordiziako egitaraua mardula izaten da oso Eguberrietan. Musikak, kirolak eta haurrentzako ekintza hartzen dute tarterik handiena. Gaur, Emotio eta Urdanetako Ahotsak abesbatzen kontzertua dute elizan (20:15), eta igandean, toki berean, baina 19:00etan, Santa Ana eta Gaztelubide abesbatzek Eguberri kontzertua egingo dute Pepe Artzelusen omenez.
Abenduaren 24an izango da aurten Eguberrietako azoka, eta 17:30ean Olentzero eta Maridomingiren etorrera. Eguberri egunez, Beti Argik Eguberrietako kontzertua egingo du (13:00), Plaza Nagusian. Hortik aurrera, kirolak hartuko du lekukoa: 27an, alebin mailako futbol txapelketa izango da Altamiran (10:00); Eguberrietako 37. Sari Nagusia Majorin 29an (10:00 eta 18:30), eta kiroldegian bertan, baina bi egunez, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako selekzioen arteko Minibasket txapelketa (10:00 eta 16:00).
Ordiziako San Silbestre Krosak tiradizo handia du goierritarren artean. Umeen probak 17:30ean dira aurten, helduena 18:30ean hasiko da. Hura amaitzean, Beti Argik eta Laguntasuna errondailak ohiko Kattalin doinua joko dute plazan.
Urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean haur parkea izango da, eta Errege desfileak borobilduko du egitaraua.
URRETXU-ZUMARRAGA
Urretxun eta Zumarragan ere makina bat ekitaldi egongo da datozen egunetan. Gaur, 18:00etan Urretxuko liburutegian, Gabonetako marrazki eta idazlan lehiaketako sariak banatuko dituzte. 19:00etan La Salle-Legazpikoen jaiotza erakusketa irekiko dute Zelai Arizti kultur etxean eta 19:30ean Iparragirre Balerdi musika bandaren, musika eskolako haur abesbatzaren, Lizarriturri txistulari taldearen eta Iratzarri dultzainero taldearen Gabonetako kontzertua egongo da Urretxuko elizan.
Bihar, 19:30ean, Antxiñako Ama txistulari taldearen txistu kontzertua Beloki pilotalekuan, eta igande goizean artisau azoka egongo da Zumarragako plazan.13:00etan Zumarragako bandak Gabonetako kontzertua egingo du Zelai Ariztin, eta 19:00etan Goiargi abesbatzaren Gabonetako kontzertua, Mertzedariatar lekaimeen elizan.
Astearte goizean haurrek Olentzero eta Maridomingirekin abestuko dute. 18:00etan Goiargik abestuko du bi herriko kaleetan. Ordu berean, neguko solstizioko festa egingo dute Areizaga-Kalebarrenen.
Abenduaren 26tik 28ra haur parkea egongo da Ederrenan, eta hiru egun horietan MusiKUaldia ere izango da. Anabel Santamariaren oroimenezko eskubaloi txapelketa jokatuko da 27an, Zumarragako kiroldegian (15:45). Hilaren 29an, Erregeentzako gutunak jasoko dituzte Zumarragako udaletxepean (18:00-19:00). Hilaren 31n, 16:30ean, San Silbestre krosa egingo dute, eta urtarrilaren 5ean Erregeen kabalgata abiatuko da Antioko bidegurutzetik (19:30).