Tradizioari segi, berriak eskainiz
Gabon kontzertuak, kultur emanaldiak, kirol ekitaldi askotarikoak eta azokak izango dira, besteak beste, Goierriko herri kozkor eta txikietan. Herritarrei ahalik eta eskaintza zabalena eskaini diete udalerriek
Ahalegin ezarengatik ez dadila behintzat izan. Goierriko udalerri askok ahalegin berezia egin dute Eguberri garaian aisialdi eta kultur eskaintza oparoena osatzeko, ohiturazkoak batzuk, zerbait berria eskaintzeko grina dutenak besteak. Hona hemen programazioaren lagin bat.
ATAUN
Ataunen gaur hasiko da gabon giroa. Jentilbaratza elkarteak V. Jentilen Baratza Ipuin eta Marrazki Lehiaketako sariak banatuko ditu, Barandiaran Museoan, 18:00etan. Marrazkietan Ataungo 49 haurrek parte hartu dute. Ipuinetan, herriko mailan 81 egile eta Goierriko ikastetxeetakoak beste 61. Sei sailetan bereizi dute lehiaketa.
Igandean, Olentzeroren eta Maridomingiren bila ibilaldi magikoa Aralarren izango da, Parketxeak antolatuta. 10:00etan abiatuko dira, Lizarrustitik. Sarrera guztiak agortu dira. Gabon arratsean, berriz, Aiako Erroipera etorriko dira ikazkinak (18:00).
Gabon astean, abenduaren 26tik 30era, Gabonetako pilota txapelketa jokatuko dute Goierriko haurrek, Auzoetan.
EZKIO-GABIRIA-ITSASO
Eguberri Jaia Ezkion bihar ospatuko dute. Olentzerorekin eta Maridomingirekin kalejiran ibiliko dira, 17:30ean hasita, udaletxeko plazatik eskolaraino. Han erromeria eta mokadua dituzte. Baserritar jantzita joateko eskatu dute. Abenduaren 29an, mahai jokoak antolatuko dituzte Antzuolako Jolasenekoek, Ezkioko kaskoko lokalean, 17:00etan. Adin guztietarako izango dira.
Auzo herrian, Gabirian igandean izango dute hasiera Gabonek, etzi. Txindata musika eskolako ikasleen kontzertua dago lehenik, elizan, 12:30eko meza ondoren. Guraso Elkarteak bazkaria antolatu du gerorako Osinalden, eta 16:30ean Olentzeroren bila abiatuko dira haurrak, aztarnei segika, aurkitu arte. Abenduaren 31n, Urtezaharreko bola lehiaketa herrikoia izango da, Alkainburu bolatokian (izen-ematea 17:00-18:00).
Olentzero eta Maridomingi Itsasora bihar iritsiko dira, 19:30ean. Itsasoko plazan egingo diete haurrei harrera. Gabon kantak abestu eta gaztaina erreak janez ospatuko dute, Ostatua eta udaletxea ere apainduz.
IDIAZABAL
Eguberrietako programazioaren barruan aurrez ekintza bat baino gehiago izan badituzte, Igarondo pilotalekuan aurrenekoz egingo duten Alaken azoka da berritasuna (abenduak 22, 11:00-19:30). Abenduaren 27an, berriz, Guraso elkartean, Goierriko bertsolarien saioa izango da (19:00). Eta biharamunean, Arizkorreta futbol zelai berrituan hiruko torneoa jokatuko dute Ordizia, Urola eta Idiazabalgo beteranoek.
Urteari amaiera alaitsua emateko, Patxin eta Potxin pailazoek Zirkuko izarrak kuskizuna egingo dute Guraso Elkartean (17:00), eta Urteberri eguna ohiko gazta eta ardo banaketarekin amaituko dute (19:00).
LEGORRETA
Olentzerok eta Maridomingik Ugaro eskolara egingo duten bisitarekin hasiko dute gaur Legorretan kultur egitaraua, arratsaldera bitarte hainbat ekintza eginez. Abenduaren 22an, Ugaroko ikasleen eta Elekun abesbatzaren kontzertua izango da Salbador Deunaren elizan (12:45). Eguberri bezperako kantu eskeen ondotik, bi ekintza dituzte abenduaren 26an: Elkano, lehen mundu bira haur filmaren emanaldia (17:00), eta VII. Marranita txapelketa Aldapa Haundi elkartean (23:00)
Abenduaren 27an, Ez dok hiru akustikoa antzezlanaren bi saio dituzte, eta 29an mendi irteera inguruko parajeetara. Urtezahar egunez, ez du hutsik egingo eguerdiko San Silbestre krosak. Urtarrilaren 2an umeentzako ipuin kontaketa saioa dute, eta urtarrilaren 5ean Ez zelako kajoi batean gordetzekoa liburua aurkeztuko dute udaletxean (13:00), zenbait herritarri egindako elkarrizketak oinarri hartuta herritar batek ondutako liburua.
OLABERRIA
Egitarau oparoa prestatu dute Olaberrian, haur, gazte eta adinekoentzat. Jubilatuek txistor jana dute gaur, Ihurreko lokalean (18:00), eta urte bukaerako afaria 27an (20:30). Gabon egunean, kantu-eskean dabiltzan bitartean iritsiko dira Olentzero eta Maridomingi Ihurrezaharra kultur etxera, 24an, 13:00etan.
Haurrek ere mauka ederra dute bi asteotan. Tailerrak eta irteerak izango dituzte, batetik: abenduaren 23an eta 26tik 31ra, eta urtarrilaren 2-3an. 4-8 urte artekoak Jolas-Txokoan ariko dira. 9-17 urtekoek irteerak ere badituzte Gasteizko City Jumpera, Donostiako Txuri-Urdinera edo Baskonia-Barça ikustera.
Urtarrilaren 2an, puzgarriak jarriko dituzte frontoian (10:30-14:00 eta 15:00-17:00).
ORMAIZTEGI
Gaurko txistor jatearen ondoren, Gabonetako kontzertua egingo du bihar elizan (19:30) Urmaiz abesbatzak. Abenduaren 26an eta 27an, eta urtarrilaren 2an eta 3an Zumalakarregin tailerrak dituzte aukeran umeek. Maite R. Ochotorenak bi liburu ere aurkeztuko ditu Gizarte etxean abenduaren 26an (19:00).
Urtea bukatzerako bi ekitaldi dituzte. Abenduaren 29an, pilota jaialdia izango da Zubipen (18:00). Maite Ruiz de Larramendik eta Iera Agirrek jokatuko dute batetik, eta Xala-Azanza / Olazabal-Pascual bikoena ondoren. 30ean, txotxongilo emanaldia izango da. Eguberrietako agenda Ormaiztegiko 49. Ziklo-kros probak borobilduko du. Lau proba jokatuko dira: kadete neska eta mutilena (09:00); junior mutilena eta elite neskena (10:30); master 30-40-50 mailatakoak (11:30); eta elite eta 23 urtez azpikoa (12:30).
SEGURA
Seguran txistor askaria egingo dute bihar Gaztelekuan (18:00) eta igandean XVI. Ipuin, bertso eta marrazki lehiaketetako sariak banatuko dituzte Botikaxaharrean (12:00). Astearteko eguna ere bete-betea izango dute Seguran. Goizean kantuan aritu ondoren, iluntzean, Olentzeroren eta Maridomingiren etorrerako ekitaldia egingo dute (18:00). Lastalan piztuko den suak iragarriko du euren etorrera. Madalenan harrera egin eta herrian barrena ibiliko dira. Plazan, haur jaio berriei ongi etorria egingo diete. Amaieran gaztainak, gazta eta ardoa jan eta edango dituzte.
Hilaren 29an, Gospel kontzertua eskainiko du euskaraz, The Upper Room taldeak komentuan; eta hilaren 30ean, Talo tailerra egingo dute Elorri elkartean.
ZALDIBIA
Lardizabal eskolako haurrek Olentzeroren eta Maridomingiren bisita gaur goizean jasoko dute. Hurrengo bi asteetarako ere badute zer gozatua. Abenduaren 30ean, haurrentzat antzerkia izango da Herri Antzokian (17:00): Jon Beldurgabea. Urtarrilaren 3an, lehen aldiz jolasak eta puzgarriak jarriko dituzte Resti frontoian, egun osoan (10:00-19:00): piraten etxea, puzgarriak, kart zirkuitua, arku tiroa, mahai-futbola, ludoteka…
Gaztetxoek sare sozialei eta zibersegurtasunari buruz hitzaldia dute, urtarrilaren 2an, Karreanen (17:00), Julen Linazaroso adituak emana.
ZEGAMA
Joan den asteburuko bi saioei jarraipena emanez, Olentzero eta talo tailerra izango dute asteburuan Anduetza parketxean. Igandean, Amezti mendira ohiko irteera dute goizean. Abenduaren 27an, berriz, ipuin kontaketa saioa kultur etxean. Egun berean, Orkatz eta Orkatz txiki abesbatzetako kideek 35. Eguberri Jaialdiko entsegua dute 21:00etan San Martin elizan, eta abenduaren 28an egingo dute saioa (20:00).
Ez da hor etengo Orkatzekoen jarduna. 29 goizean Beasaingo Arangoiti egoitzan izango dira. Orkatz Txikikoek, berriz, Zegamako eguneko zentroa eta Segurako adinekoen egoitza bisitatuko dituzte 30ean. Eta urtarrilaren 3an, Orkatz abesbatzak Donostiako Eguberri Azokan abestuko du, 17:00etan.