Arizkorreta futbol zelai berritua estreinatu dute Idiazabalen
Azaroaren 8ko astebururako aurreikusita zegoen arren, asteburu honetan estreinatu dute azkenean Arizkorreta futbol zelai eraberritua.
Sports & Landscape enpresa arduratu da berritzeko lanez. Aurrekontua 259.036,8 eurokoa da eta Idiazabalgo udalak renting formularen bitartez egingo dio aurre gastuari.
Goizeko 11:00etan ekitaldi xume eta polit baten bitartez eman diote hasiera futbol zelai berrituko lehen partidari. Zelai erdira, dantzariak eta txistulariak gerturatu dira agur bat eskaintzeko asmoz. Joseba Agirrezabalaren bertsoa lehenik, Idiazabal Kirol Elkarteko Matias Aranbururen hitz batzuk ondoren, eta hasi da jokoa. Ordizia, Urola eta Idiazabalgo beteranoa izan dute zelai berrian norgehiagoka aritzeko ohorea.
Bestalde, Matias Aranburuk, Beasaingo, Ordiziko, Lazkaoko eta batez ere, Alegiko Udalei esker beroenak eman nahi izan dizkie eskainitako erraztasunarengatik. Idiazabalgo alkate den Iñaki Alberdiren jarrera egokia ere azpimarratu du Aranburuk.
Herritarrak aldaketarekin pozik ageri dira, belarra berritzeko beharra zegoela argudiatuz.