Aralarko pistengatik auzipetuek «babesgabetasuna» salatu dute
Enirio-Aralar Mankomunitateko zazpi ordezkari ohik deklaratu beharko dute Tolosako epaitegian, tartean Jose Migel Santamaria mankomunitateko lehendakari izandakoak
Enirio-Aralarko pisten auziaren harira, auzipetutako zazpi udal ordezkariek salatu dute «babesgabetasun egoeran» daudela. Auzipetuen artean daude, Jose Migel Santamaria Ordiziako udal ordezkaria eta Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakari ohia; Aitor Altuna Lazkaoko udal ordezkaria; Elena Ruiz Beasaingo udal ordezkaria; Iñigo Olano Altzagako udal ordezkaria; eta Aloña Urretabizkaia Aramako udal ordezkaria daude. Jon Zubizarreta (Abaltzisketa) eta Ainhoa Zuriarrain (Amezketa) dira auzipetuta dauden udal ordezkarien zerrenda osatzen duten beste biak.
Pasa den legealdian guztiak izan ziren ordezkari Enirio-Aralar Mankomunitatean eta orduan eman zuten Aralarren mendi bide bat egokitzeko aldeko bozka. «Aldeko bozka hori emateagatik auzipetuak izan gara eta gure egoera pertsonalaren berri eta gertatzen ari den bidegabekeriaren azalpenak» eman nahi izan dituzte. Mankomunitateko zazpi udal ordezkari horiek EHNE eta Enba sindikatuen eta Aralarko Baserritarren Elkartearen babes zabala izan zuten astelehenean Donostian egindako prentsaurrean.
Urtarrilean deklaratzera
Datorren urtarrilaren 27an eta 29an deklaratu beharko dute Tolosako epaitegian ikertu bezala, Eguzki eta Landarlan talde ekologistek bide penaletik jarritako salaketa baten harira. Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik jarri zuten salaketa epaitegian. Zazpi udal ordezkariez gain, Mankomunitateko idazkaria, lau teknikari eta Foru Aldundiko politikariak ere auzipetuta daude. «Hamasei pertsona gaude auzipetuak mendi-bideak egokitzeagatik».
Gaia kokatu nahian azaldu zuten «Enirio-Aralar 15 udalerriz osatuta» dagoela eta «eginkizun nagusia bertako baso eta goi larreak mantentzea eta kudeatzea» dela. Enirio-Igaratza arteko bidea «egokitzeko» lanak egitearen aldeko bozka, «aurrez Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Plan batean oinarrituta eman» zutela.
«Indefentsio egoera»
«Indefentsio egoera horren aurrean zazpi auzipetuok Enirio-Aralar Mankomunitatekolehendakariari bitan zuzendu gatzaizkio laguntza eske, gure defentsa juridikoaren kostuak mankomunitateak bere gain hartzeko eskatuz». Izan ere, esan dute, «mankomunitatearen barruan demokratikoki hartutako erabakiak izan» dira auzitara eraman dituztenak. Eskariaren aurrean «erantzunik ez» dutela jaso nabarmendu zuten zazpi auzipetuek, nahiz eta jakin «15 udaletara epostaz zuzendu dela, oraindik ere gure kezka eta babes eza areagotuz». Auzipetuek azaldu zuten «mankomunitateak borondatea izanez gero, auzipetuei babes ekonomikoa emateko ez dago arazo juridikorik».
Agerraldia amaitzeko esan zuten «demokratikoki hartutako erabakiak gustukoak ez izan eta horien zentzua aldatzeko epaitegietara jotzea ez dela onargarria». Egoera horren aurrean, Mankomunitateareko lehendakariaren isiltasuna «defizit demokratiko larria» dela eta herri ordezkariak «indefentsio egoera batean jartzen» dituela.