Bertako produktuak eta artisautza Beasaingo urtarrileko azoka berezian
Ohiko postuez gain, fruta saltzaileak eta artisautza produktuen postuak izango dira plazapean.
Bihar, hilak 4, izango da 2020ko Beasaingo lehenengo azoka. Urteari hasiera emateko, ohiko postuez gain fruta saltzaileak eta artisautza produktuak saltzen dituzten postuak ere izango dira. Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek produktu hauek erosteko aukera izango dute: eztia, barazkiak, loreak, arrain kontserbak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak, frutak eta artisautza produktuak saltzen dituzten 4 postu. Azken horien artean egurrezko jostailuak, erraldoiekin zerikusia duten produktuak, metalaren gainean aplikatzen den sutan esmaltatutako bitxiak eta osagarri pertsonalak saltzen dituen beste postu bat ere izango dira.
Bestalde, azokan erositako produktu horietako batzuk erabilita egin daitezkeen zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxka eta erosketetarako poltsa ere banatuko dira azokako erosleen artean.
Egitaraua:
10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera
11:30 Makramea egiten ikasteko tailerra
12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte
13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean
14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera