Burrunbazale txarangaren eguna ospatuko dute larunbatean Ordizian
Lehengo eta oraingo musikariak elkartuko ditu Burrunbazale Txarangak, talderen 13. festan.
Gaur egungo eta lehenagoko musikariak elkartuta, Burrunbazale Eguna ospatuko du izen bereko txarangak Ordizian, bihar. Burrunbazale Txaranga Ordizian inoiz izan den lehenengo txaranga da. Izan ere, nahiz eta musika-tradizio luzeko herria izan Ordizia, eta organo-jotzaileak, udal musika-bandak eta txistulariak, besteak beste, ugari izan herriko historian aspaldi-aspalditik, Burrunbazaleren aurreko txarangarik ez da batere izan. 2006. urtean sortu zuten Burrunbazale Txaranga herriko musika-bandan ziharduten hainbat lagunek.
2020ko urtarrilaren 4an egingo den Burrunbazale Eguna hamahirugarrena izango da eta, ohiko moduan, musikari ohiak, egungoak eta herritarrak txaranga-musikaren inguruan elkarrekin aritzeko eguna izango da. Joko dituzten doinuen artean ez da faltako txarangaren beraren kalejira sonatua.
Bihar 13. elkartze-festa dute. Kalejira 19:30ean hasiko dute, Ordiziako kaleetan barrena eta sagardotegian segiko du festak. Afaria egin ondorengo kalejirarekin amaituko da eguneko saioa.