Gorka Izagirre geratu da ziklo kroseko Euskadiko txapeldun, Lezaman
Errepideko txirrindulari denboraldia hastear dela, eta sorterriko proba jokatu aurretxoan, Euskadiko ziklo-kros txapeldun titulua lortu du Gorka Izagirre profesionalak (Ormaiztegi, 1987). Lezaman (Bizkaia) jokatu zen txapelketa, larunbatean, zirkuitu lehorrean eta teknikoan.
Lau laguneko taldetxo batek gobernatu zuen karrera, hasieratik: Aitor Hernandez, Izagirre, Omar Fraile eta Xabier Murias (23 urtez azpikoa). Gainerakoei aldea atera ondoren, Frailek jo zuen lehen eraso serioa, eta bakarrik jo zuen aurrera.
Atzeko hirukotean, proba erdia gainditutakoan, Hernandez lehertzea lortu zuten Izagirrek eta Muriasek. Gazteena saiatu zen gune teknikoenetan, baina errepide-zatietan eta zuzenguneetan ormaiztegiarrak aise kentzen zion aldea.
Izagirrek aldagailuarekin ere izan zituen arazoak. Baina kontroletik gertu matxuratu zitzaionez, bizikleta berehala aldatu, eta lasterketa-buruari eustea lortu zuen. Azkeneko biran eraso bortitza jo, eta 9 segundo atera zizkion Muriasi (23 urtez azpikoetan Euskadiko txapelduna).
Masterrak ere bikain
Izagirreren elite mailako txapelaz gain, beteranoetan ere goierritarrek lan dotorea egin dute. Master 50ean Xabier Mendiaraz zaldibiarra da txapeldun, eta podiUma Aitor Zabaleta eta Imanol Ugarte legazpiarrek osatu dute. Master 30ean, Jon Urteaga idiazabaldarra bigarren izan da.
Elite emakumeetan Paula Suarez da txapeldun. Junior nesketan, Lur Zufiria ormaiztegiarrak hirugarren postua lortu du.