Ormaiztegiko ziklo-kros proban etzi Gipuzkoako txapelak jokoan
Elite eta 23 urtepeko gizonezkoen proba 12:45ean hasiko da. Kadeteak, 09:45ean. Antoneneko jaitsiera sigi-sagaka jarrita motelduko dute. Omenaldia, Basualdori
Ormaiztegi eta ziklo-krosa aspalditik lotzen dituen zilborresteak igandean luzatuko du historia. 49. ekitaldia jokatuko da, eta Euskal Herriko 2019-2020 denboraldia bukatuko du, urriaren 12an Urduñan hasitakoa. Gipuzkoako Txapelketak ere badira.
Ohiko erakarmen indarrak izango ditu Ormaiztegiko ziklo-krosak. Partaidetza, bat. Elite gizonezkoetan, Gorka eta Jon Izagirre anaiak (Astana) parte hartzekotan dira, baita Ismael Esteban eta Kevin Suarez ere. Horiekin batera, euskal zirkuituan aurrean ibili diren Aitor Hernandez edota Xabier Murias, Euskadiko Txapelketan gogorren jo zutenak.
Emakumezko eliteetan, berriz, Olatz Odriozolaren eta Paula Suarezen buruz burukoa ikusteko moduan izango dira Ormaiztegira joaten direnak. Juniorretan, beste ormaiztegiar batek bereganatuko ditu txalo gehien: Lur Zufiriak. Sorterrian izan dezake asko landutako garaipena lortzeko aukera.
Beste ikusgarritasun bat, Antoneneko zelaiko jaitsiera, moteldu egingo dute aurten. Sigi-sagaka jaitsiko dute txirrindulariek malda tekniko eta pikoa. Iaz erorikoa izan zuten Izagirretarrek, eta zubiko pretilaren aurka jota min hartu zuen Gorkak. Mundu guztira zabaldu ziren GOIERRIKO HITZAko fotokazetari Gotzon Aranburuk hartutako irudiak. Ezusteko larriak eragozteko, eseka jarriko dute ibilbidea. Lehen ere neurri hori behin baino gehiagotan jarria da antolakuntza, Antoneneko aldapan.
Gainontzean, betiko ibilbidea itxiko du Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak talde antolatzaileak. 2.500 metroko luzerarekin, zelai laua, aldapa, asfaltoa eta hormigoizko bidea txandakatuko dituzte. Helmuga udaletxe parean izango da. Berez zirkuitu azkarra da Ormaiztegikoa, eta azken egunetako eguraldi lehorrak zoru gogor mantenduko du, nahiz izotza izan litekeen lehen probetan arrisku iturri.
Basualdori omenaldia
Igandeko ziklo-kros probako sari emate ekitaldiaren aurretik, Jose Maria Basualdo ziklista ohi arabarra omenduko dute. 1970. urtearen bueltan, euskal ziklo-kroseko izarretako bat izan zen. Luiaondo jaioa 1948an, txirrindulari profesionala 1971tik 1976ra izan zen, Kas taldearekin. Espainiako ziklo-kros txapelketa hiru aldiz irabazi zuen goren mailan (1972, 1973 eta 1976). Afizionatuetan, beste hiru aldiz aurretik (1969, 1970 eta 1971).
Munduko Txapelketan ere lan bikainak egin zituen. Amateurretan txapeldunorde geratu zen Zolder-en (Belgika), 1970ean. Profesional modura, 5. izan zen bi urte geroago. Ormaiztegin bi alditan irabazi zuen Basualdok, 1969an eta 1971n.