«Hiru urterako kirol plangintza bat daukagu esku artean»
Ordizia Rugby Elkarteko presidentea da Galparsoro (Ordizia, 1964) azaroaz geroztik. Plan estrategiko baten ondorioak oinarri dituen egitura berri bat du orain klubak. Taldeko lanaren emaitzetan sinisten du.
Gaztetan jokalari, gero urte batzuetako etena, eta orain, helduaroan, Ordizia Rugby Elkarteko presidente Jose Luis De Castro historikoaren lekukoa hartuta. Zer duzu esateko?
Txikitatik izan dut errugbiarekin harremana. Gazte denboran, 12 urterekin, hasi nintzen Trevijanon jokatzen, lokatzetan, ia 19 urte bete arte. Harroin postuan jokatzen nuen. Eta gero ere beti jarraitu dut partidak ikusten, bai zelaian bai telebistan. Gero semea hasi zen errugbian, eta hor berreskuratu nuen klubarekiko harremana. Nire burua eskaini nuen lan egiteko, eta duela lau urte hasi nintzen juntakide bezala parte hartzen. Presidentea naiz orain. Arduraz eta ilusioz hartu dut kargua, oinarri onak jarri ditugula uste baitut.
Azal dezakezu zeintzuk diren oinarri horiek? Zu hasi zinen garaiak ez ziren onenak Ordizia Rugby Elkartearentzat.
Kopak irabazi ondorengo bi-hiru urteak ziren. Borondate handiko antolaketa zen, baina efizientzia gutxikoa. Lehen taldeak ere denboraldi kaxkarra egin zuen, eta hor ikusi zen zazpi juntakideek ezin genuela dena eraman. Barru mailan deialdi bat egin genuen kirol arloaz arduratuko zen jende bila, eta lau-bost lagun azaldu ziren. Gu arlo exekutiboan zentratu ginen, baina konturatu ginen eguneroko gauza txikietan denbora asko pasatzen genuela, eta konturatu ginen beste buelta bat eman behar geniola klubaren egiturari, batez ere exekutiboari. 2017-18 denboraldian plan estrategikoa egin genuen, eta hori da gure oinarria. Hor erabaki oso potoloak hartu zituen klubaren kalitatezko masa sozial horrek.
Zeintzuk dira erabaki horiek?
Erabaki potoloenak izan diren Ordizia Rugby Elkartearen oinarria harrobia dela, eta kanpotar jokalarien kopurua izan behar zuela ahalik eta murritzena, baina egoeraren arabera malgua izango zela. Errugbi eskolaren garrantzia ere bai, euskararekiko konpromisoa… Erabaki asko hartu ziren. Hori da gure iparra.
Azaroan, orain hilabete eta erdi, aurkeztu zenuten klubaren egitura berria. Zuzendaritza bost lagunek soilik osatzea erabaki zenuten. Kontraesana dirudi dituzuen lan kargak kontuan hartuta.
Antolaketan dago gakoa, taldeka izango baita. Materialaz arduratzen den taldea, ekonomikoa… Horrelako 12 talde dauzkagu. Batzorde eta taldeetan 33 lagun ari dira lanean. Junta astero elkartzen gara, eta efizentzian irabazten saiatzen ari gara. Orain arte bilera guztia igandeko partida antolatzen pasatzen genuen, hori zen gure lanaren %70, baina horrek ez zeukan logikarik. Taldeka antolatuta, lan horiek guztiak banatuta daude.
Zein da boskote hori?
Jon Txurruka da kirol zuzendaria, Iñaki Madrazo delegatuen arduraduna, Asier Goenaga idazkaria eta Mikel Marotias. Lehendakariordea da estatutuetan, gaztea da, jokalari izandakoa, eta lan ezberdinak egiten ditu. Horiez gain, Igor Eguren kudeatzailea ere gurekin egoten da, baina ez du bozkarik. Arlo ekonomikoaren berri ematen digu, kudeaketa kontuak, atzerritarren bisatu kontuak…
Egidazu klubaren argazki bat datuen bidez.
Zortzi talde dauzkagu, baina 16 urtez azpikoetan bi daude, hortaz, bederatzi. Horrez gain, errugbi eskola. 300 fitxa dauzkagu, horrek suposatzen duen entrenatzaile, fisio, prestatzaile fisiko eta abarrekin. Kudeaketa aldetik lan handia eskatzen du horrek. Delegatuak izango dira 40 inguru. 11 profesional ditugu klubean, horietatik zortzi jokalariak. Eta bazkideak 400 bat.
Eta aurrekontua?
Urtez urte igotzen, azken hiru urteetan bereziki. 500.000 euro pasako aurrekontua dugu. Horretan ari gara lanean. Laguntza instituzionala Kirolgiren bidez, babesleak… Bigarren hori nahi dugu indartu, bailarako enpresen babesletza, hori da gure bidea. Babesleekin harremana hobetu, indartu nahi dugu. Ordizia Rugby Elkartea bailarari zabaldutako kluba da, errugbiaren balioak babesle horientzat tranpolin bat izatea nahi dugu; elkartasuna, laguntza, errespetua, herriarekiko konpromisoa. Bai kooperatibek bai enpresa pribatu askok bat egiten dute gure filosofiarekin. Eta gure jokalari gazteekin lan hori bereziki egiten dugu.
«Plan estrategikoan erabaki potoloak
hartu zituen klubaren masa sozialak»«Bailarako enpresen babesletza landu nahi
dugu, harremanak indartuz eta hobetuz»
Bazkidetza kanpainarekin ere bazabiltzate.
Gure masa soziala handitu egin nahi dugu. Badakigu Ordizian eta Goierrin erreferente bat garela kirol mailan, baina jende hori guztia lotuxeago eduki nahi dugu. Orain bigarren itzulia dator, eta etxeko partida horiek ikusteko bazkidetzak 45 euroan jarri ditugu. Gazte jendeak 20 euroan ikus ditzake partida guztiak. Nahi dugu Altamira bete.
Lehen itzuli oso ona egin duzue. Laugarren zaudete sailkapenean, Alcobendas liderrarengandik lau puntu eskasera. Nola ikusten duzu bigarrena?
Itxaropentsu gaude, eta kirol arloan egiten ari den lanarekin oso gustura. Play-offak jokatzeko itxaropena daukagu, eta etxeanjokatzea da gure nahia. Altamiratik pasako dira datozen hilabeteetan goiko postuetan dauden talde guztiak.
Tituluren bat lortzea helburutzat duzue?
Kirol arlokoak ilusio handiarekin ikusten ditut lanean. Hiru urterako kirol plangintza bat dugu esku artean, kopuru eta datutan oinarrituta. Ez dute baztertzen tituluren bat lortzerik. Zaila da, baina sinistuta daude.
Gazte asko ari dira aurten debuta egiten lehen taldean. .
Aurten inoiz baino gazte jende gehiagok debutatu du lehen taldearekin, eta hori plan estrategikoarekin lotuta dago. Eliteko jokalariak ere badauzkagu, baina balio batzuei lotutakoak. Gazteei erakusteko konpromisoa eduki behar dute, eta klubarekiko inplikazioa izan.
Bigarren taldeak Espainia mailan jokatzeko apustua emaitzak ematen ari dela dirudi.
Kirol arloan apustua handia da, baita ekonomikoa ere. 18 urterekin seniorretan hasten dira, eta profesionalekin jokatzeko salto ikaragarria da. Erdibideko talde bat behar genuen. Lehen eta bigarren taldekoek elkarrekin bidaiatzen dute, entrenatu ere bai, aldagela partekatu…
Nesken taldea sortu eta eustea lortu duzue.
Lorpen handia izan da. 14 fitxa dauzkagu, eta Hernaniko eta Lasarteko neskekin elkartu gara aurten. Apustu serioa da, ezingo dugu onartu jokatzen jarraitu nahi duten neskei aukerarik eman ahal ez izatea.
‘Average’ onena duen taldea da Ampo Ordizia
Lehen itzuli bikaina osatu du Ampo Ordizia errugbi taldeak. Jokatutako 11 partidetatik 7 irabazi ditu, bat berdindu eta hiru galdu. Laugarren dago sailkapen nagusian 37 punturekin, Alcobendas liderrarengandik lau puntu eskasera. Tartean daude Valladolideko bi talde ahalguztidunak.
Datu aipagarri bat ‘averagea’ da. Aldeko tanto gehien lortu dituen taldea da, 381, eta kontrakoen artean bigarren onena, 207: 174ko aldea. Igandean ekingo dio bigarren itzuliari Burgosen UBU-Colina Clinicen aurka, eta hilaren 18an Alcobendas hartuko du etxean.