Baserritarren lanari gorazarre
'Goizane' izan zen lehena, 'Peru' bigarrena eta 'Mariane' izan da azokako baserritarrei eskainitako hirugarren eskultura, hiruak Jabier Arrietak eginak. Domingo Goitia kalean dago, harrizkoa da eta emakume itxura du.
Ordiziako D’elikatuz Elikadura eta Gastronomia zentroak 10 urte betetzearekin batera, azoka batzordetik lantzen ari zen ekimena martxan jartzea lortu zen 2015ean, Ordiziako kasko historikoaren tematizazioa azokaren historian protagonista izan diren pertsonaien eskultura edo irudien bitartez, hain zuen. Pixkana-pixkana aurrera doa proiektua. Gabonetako azoka bereziarekin batera iritsi zen Mariane, otarra arrautza bete dakarrena.
2015 urte amaieran Goizaneri egin zioten ongi etorria. Gaztain egurrez eginiko emakume baserritarra da. Ordiziako Plaza Nagusian dago kokatuta, udaletxeari begira, aza eskuan duela, erosleren bati eskaintzen ari balitzaio bezala. «Herritarren artean bat gehiago da, oso ondo integratu da eta ez hori bakarrik, herritarrek kontuan hartzen dute, herriko ikur bilakatu dela esango nuke» adierazi du Urkiri Salaberriak, proiektuaren garapenean aholkularitza lanak egin dituenak.
2017ko Artzain Egunean, Peru artzaina aurkeztu zuten. Jakes etxean kokatzen da eta besoan arkume bat darama. «Emaitzarekin oso gustura gelditu nintzen» esan du Javier Arrieta eskultore zegamarrak.
Arrautza saltzailea
Proiektuaren barruan, hirugarren pertsonaia, Ordiziako Domingo Goitia kalean dago, Oilo kale moduan ezagun den horretan. Perurekin egin zuten moduan, «paretan dago integratuta eta harrizko eskultura da» kontatu du hiru eskulturen egileak. Marianek otarra darama eskuan, arrautzaz betea eta azokara bidean bezala kokatu dute. «Honekin errepresentatu nahi izan dugu azokara joaten ziren eta diren emakumeak, lehen sektorean zein baserri munduan izan duten garrantzia eta pisua aitortuz».
Irudi berri horrekin Ordiziako azokaren garrantzia «balorean jarri» nahi izan dute, herriko gune ezberdinetan «historikoki batez ere, baina baita gaur ere azokaren nabarmentasunaren isla utziz».
Hirugarren pertsonaia «herritarren artean aurrekoak bezala integratzea» espero du Salaberriak eta aurreratu du «gehiago ere» izango direla, nahiz eta momentuz ez duen argitu nortzuk eta non egongo diren.