Olaberriara oinezko eta bizikletarien bidea zabalduko dute, Herribasotik
Beasain aldetik eroso igotzeko herribide zaharra egokituko du udalak. 2020ko udal aurrekontua 2,6 milioikoa da. Ihurreko zerbitzurako herri taberna bat jarriko dute
Beasain aldetik Olaberriara herri bide berria egingo dute, aurten. Herribaso industrialdetik kaskoraino, garai bateko bide zaharraren trazatua baliatuta egokituko dute bide misto berria. Proiektua egiteko lanak eman ditu udalak, eta 200.000 euro inguruko aurrekontua izango du.
Bi funtzio izango ditu errepideak: inguruko baserrietarako irispidea izango da batetik, 3 metro zabaleko landa-bidea. Alboan, bi metroko bidegorria edukiko du, bizikletariak eta oinezkoak ibiltzeko. Guneren batean, batak bestea erabili ahalko du. Orain arteko baserri bidea zabaldu egingo dute.
Herribaso industrialdean hasiko da, eta Olaberriko kaskoan bukatu. Ibarraren ezker aldetik igoko da. «Betiko herribidea da, Beasaindik Olaberriarako lehenengoa. Lehen ere badago bidea hor», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Iazko aurrekontuan sartutako proiektua da herribide berriarena, eta abenduan zehar ziren aukeratzekoak eraikitzailea.
Aurtengo, 2,6 milioi euro
2020rako udal aurrekontua azaroaren 28ko osoko bilkuran onartu zuen Olaberriko Udalbatzak. Aurreko urteetako diru kopuru antzekoa izango du, denera 2,6 milioi eurokoa. Azpiegiturak sortzeko edo berritzeko bideratuko dute inbertsioen ataleko zati handiena.
Ihurren zegoen azkeneko taberna bakarra itxi da, eta auzoan zerbitzurik ez dagoela ikusita, herri taberna edo ostatu bat jartzea da udalaren egitasmo bat. Lokala berregokitzeko obrak egingo dituzte aurten, eta zerbitzua lehiaketa bidez eman gero.
Bestetik, bi etxebizitza sozial berrituko ditu udalak, Ihurren bertan dauzkanak. Irisgarritasuna bermatzeko eta behar berezietarako berregokituko dute.
Herrigunean, San Joan elizarako irispidea errazteko zenbait obra ere burutuko dituzte. «Elizara jende gutxi joaten da, baina joaten direnek nahiko oztopo badituzte arkitektonikoki, eskailerak daudelako. Atzetik bueltan aldapa bat egiteko asmoa dugu».
Udaletxearen bueltako zorua ere berrituko dute.
Arlo soziokulturalean, bi ekimen nagusi ditu udalak esku artean. Batetik, euskara indartzeko plangintza bat garatuko du: «Euskara Plan bat berriro martxan jartzera goaz. Euskara biziberritzeko plan bat izango da».
Oroimen historikoaren arloan, 1936ko gerra eta gerra ondorena ikertzeko lan bat burutzea ere onartua dauka. Arantzadi zientzia elkartearekin hitzarmena sinatuko du horretarako.
Estalpea birformulatua
Zehaztapen mailara oraindik iritsi ez den arren, herrigunean estalpe bat eraikitzeko asmoa tiraderan mantentzen du Olaberriko Udalak. Aterpea udaletxe alboko plazatxoan egitea «aparkatuta» dauka momentuz, baina antzeko estalpe bat beste toki batean egiteko asmoa badu.
Aurrekontua onartu zen udalbatzar berean, Elizegiberri etxea eta beste hiru lur sail erostea ere onartu zen. Ordenazioz kanpo geratuta dago etxea, eta bizilagunik gabe geratu zenez, udalak erosi du. Hura botatzea da asmoa, eta Zezilione atzeko zelaiari indarra eman: sarbidea ireki, aparkalekua zabaldu eta estalki bat han eraiki. Hala, Zezilione aurreko eremuak aparkaleku izateari utziko lioke, «plaza izaera izan dezan».