Garingo lasterketarekin hasiko da 2020ko Goierri Kopako egutegia
Urtarrilaren 19an jokatuko da, San Sebastian festen barruan. Urtarrilaren 26an Idiazabalgo herri krosa izango da. Izena emateko epea zabalik dago bi probetan
Urte berriko lehenengo mendiko lasterketa jokatuko da hilaren 19an Beasaingo Garin auzoan, San Sebastian jaien barruan, Muñogain elkarteak antolatuta. Goierri Kopa Trail osatzen duten bederatzi probetan lehenengoa da. Eguerdiko 12:00etan, karrakaren doinuak lagunduta, 11 kilometro osatu beharko dituzte korrikalariek Garingo mendi bideetan barrena prestatu dituzten zirkuituari hiru itzuli emanda. Itzuli bakoitzean, edariak banatuko dizkiete korrikalariei helmuga gunean eta eta lasterketa amaitzean, lunch txiki bat egongo da parte hartzaileentzat. Iñigo Andreuk aurreratu duenez, ibilbidea iazkoaren berdina izango da. Hori bai, «lehenengo itzulian lokatz asko egongo da», pinuak ateratzen dabiltza eta basozainak.
Izena emateko aukera
18 urtetik gorakoek har dezakete parte, baina 16 urtetik gorakoek ere izena eman dezakete, gurasoen baimema aurkeztuta. Izena emateko epea zabalik dago rockthesport.com webgunean, hilaren 18ko 22:00ak aurretik; egunean bertan, Garingo plazan ere izena emateko aukera egongo da 11:00etatik 11:40era bitartean, baldin eta 300 dortsaleko muga gainditzen ez bada.
Lasterketako azken partaideak iristen direnean banatuko dituzte sariak: lehenengo mutilarentzat eta neskarentzat La Leze Idiazabal gazta bana eta lehenengo hiru sailkatuentzat Iñaki Andreu garindarrak egindako oroigarriak. Bestalde, «lasterketa martxan dagoen bitartean zenbait opari zozkatuko dira parte hartzaileen artean; saria hartzeko, dortsalarekin azaltzea derrigorrezkoa izango da».
Idiazabalen hilaren 26an
Bestalde, astebete beranduago, Idiazabalgo herri krosa jokatuko da. Izen-ematea, rockthesport.com webgunean.
Goierri Trail Kopa
· Urtarrilak 19. Garingo Mendi Lasterketa. 11 km.
· Martxoak 1. UZ Trail (Urretxu-Zumarraga). 22 eta 11 km.
· Martxoak 14. Arriarango Mendi Lasterketa. 23 eta 11 km.
· Apirilak 4. Leharrei (Gabiria). 24 eta 15 km.
· Maiatzak 9. Segura-Zerain. 25 eta 15 km.
· Maiatzak 16. Txindokiko Kilometro Bertikala. 4,1 km.
· Ekainak 20. Zaldibiako mendi lasterketa. 27 eta 15 km.
· Irailak 13. Axari Trail (Idiazabal). 25 eta 15,5 km.
· Urriak 18. Ordiziako Mendi Maratoia. 20 km.













