Irribarre sortzaileak
Beasaingo Caritasen arropa biltegia asteazkenetan egoten da irekita. Arropak bildu, sailkatu eta beharra dutenei banatzen die. Batez ere haur txikientzako materiala behar izaten dute
Beasaingo Caritasek eskaintzen duen zerbitzuetako bat da arropa biltegiarena. Andre Mari Jasokundearen elizaren ondoko Parroki Etxean dago arropak jaso, sailkatu eta behar duenari banatzeko gunea. Beasain, Ormaiztegi, Idiazabal, Segura eta Zegamako herritarrei eskaintzen diete zerbitzua. Goierriren kasuan, Ordizian eta Legazpin ere badute beste arropa biltegi bana.
Caritasko bost boluntariok kudeatzen dute Beasaingo arropa biltegia, eta euren esanetan, Beasaingo eta Goierriko herritarrei esker osatzen den zerbitzua da: «Beasain oso-oso herri eskuzabala da. Herritarrek asko laguntzen dute, herritarrei esker funtzionatzen du». Horregatik, herritarrek egiten duten ekarpena eskertu nahi izan dute. Batez ere arropa jasotzen dute biltegian, baina baita «etxe batean bizitzeko» behar izaten dena ere: «Baxera, izarak, toailak, eskutrapuak…». Hori bai, baldintza bat bete behar dute: «Arropak garbiak eta baldintza onekoak izan behar dira. Ekartzen dutena txukuna, garbia eta erabilgarria izan dadila».
Asteazkenetan, 16:00etatik 18:00etara egoten da Parrokia Etxea irekita, arropa jasotzeko zein banatzeko; «azkeneko asteazkenean izan ezik».
Hiru hilean behin
Arropa biltegiaren erabiltzaile ohikoenak etorkinak badira ere, «beharra duten guztiei irekia» dagoela gogoratu dute Caritasko kideek. Erabiltzaileek hiru hilean behin, urtaroka, izaten dute arropa jasotzeko aukera: «Heziketa baloreak ere zabaldu nahi ditugu. Guk ere ez dugu arropa egunero erosten. Hiru hilean behin, familia bakoitzeko kide bakoitzarentzat bi konjunto oso banatzen zaie. Dagoenetik aukeratzen dute. Haur jaio berriekin salbuespenak egiten dira, haur txikiei arropa berehala txiki geratzen zaie eta». Horretarako, kontrol «zorrotza» eramaten dute Caritasen.
Haurren atalak ere garrantzia berezia du, arropaz gain, haurrentzako tresnak ere behar izaten dira eta: sehaskak, aulkitxoak… «Jostailuak ere bai, baina egoera onean daudenak, piezarik falta ez dutenak». Hain zuzen ere, umeen arropak eta haur txikientzat sehaska nahiz aulkitxoak behar izaten dituzte gehien. «Haurretan behar handiagoa izaten da, batez ere 6-12 urte artekoen artean. Izan ere, haurren arropa gehiago puskatzen da».
Esker oneko irribarreak
Zenbait momentutan istorio lazgarriak entzun behar izaten badituzte ere, lan horrek sortzen duen poza nabarmendu dute boluntarioek: «Momentu zail bat bizi izan duten unean lagundu, eta denborarekin laguntzarik behar ez dutela ikustea oso pozgarria da». Gainera, oso esker onekoak direla nabarmendu dute: «Etortzen diren pertsonek ez dute jakiten nola eskertu. Baina kalean ikusitakoan agurtzerakoan egindako irribarrea ikaragarria izaten da». Momentu pozgarri gehiago ere bizitzen dituzte: «Familia batek arropa jaso, eta bere umeari txiki geratu zaionean, berriz bueltan ekartzea, beste bati emateko».
Dena den, zerbitzuari eusteko ezinbestekoa da boluntarioen konpromisoa. «Esku gehiago ere ondo etorriko lirateke, txandakatzeko. Ez da lan zaila: ekarritako arropa sailkatzen dugu, neurriaren arabera, generoka…». Ateak zabalik daude Caritasen.













