Astoari miresmena adieraziko diote igandean Lazkaon, Astotxo festan
Mojen komentuko irudi zaharren bilduma ikusteko moduaz gain, asto lehiaketa eta 'Egiptorako ihesa' izango dira, ohi bezala. Gipuzkoako finalisten saioa da berritasuna
Lazkaoko festa herrikoiena eta aspaldikoena igandean ospatuko da, beste behin. Astotxo egunak azkeneko ia hiru hamarkadetan izan duen egitura berbera edukiko du. Gipuzkoako asto lehiaketa eta Enkarterri arrazako astoen kalifikazioa burutuko dituzte goizean, eta 150 bat herritarrek Egiptorako ihesa pasartea antzeztuko dute eguerdian.
Jatorria 1652. urtean du Astotxo festak. Santa Ana monasterioko Bernardatar errekoletoen edo zistertar mojen eliza 1650ean eraiki zuten, eta Maria, Jesus eta Joseren Palestinatik Egiptorako ihesa irudikatzeko irudiak jarri zituzten. Hango astoak jaso zuen herritarren aldetik miresmenik handiena, antza denez, eta animalia horren izeneko geratu zen Errege ondorengo lehen igandeko festa.
Igandean, 11:00etako meza garaian eta ondoren, Santa Ana elizan ikusi ahalko da gaur egungo irudi multzoa, XIX. mendean eginak. Astotxo egunaren ezaugarri diren olatak erosteko aukera ere izango da.
Gainontzean, festak ohiko bi zutabeak izango ditu. Antsoategi elkarteak antolatuta, Gipuzkoako asto ar eta eme onenak aukeratzeko lehiaketa egingo dute eguerdian, plazan. Aurrez, eta Enkarterri euskal arraza autoktonoaren biziraupen lanean jarraitzeko, kalifikazio ofiziala lortu nahi duten astoak behatuko dituzte albaitariek.
Asto onenek 300na euro eta lepoko zintzarri bana jasoko dute, 21. lehiaketan. Plazan edukiko dituzte goizean astoak. Astozaleek 09:00etarako eraman behar dituzte animaliak plazara.
Haurren eta helduen ihesak
Plazako sariak banatu ondoren, Egiptorako ihesa antzezlana izango da, Zelaian. Urteroko antzerkia izango dela aurreratu dute Zawopi taldeko antolatzaileek. Ehun-bat lazkaotar irtengo dira duela bi mila urteko Judean girotutako agertokira.
Han ere Maria, Jesus eta Joseren antzezpena irudikatuko dute, Herodes gobernadorearen jazarpenetik ihesi. Ohi bezala, eliza aurreko plazatxoa eta Zelai guztia hesituko dute, eta eszenografia landua eta biziduna muntatuko dute. 2.000 metro koadro inguruko azalera hartuko du antzerkiaren jokaleku erraldoiak.
Antzerkia 13:00etan hasiko da, baina, azken urteetan bezala, aurretik haurren Astotxo Txikia desfilea egingo dute. Infantaduko jauregiaren aurretik hasita, helduen segizioaren modukoa osatuko dute umeek ere, soldadu erromatar, danborrari, herritar, abade eta agintariek osatuta.
Bertsolarien saioa
Igandean, hirugarren osagai bat ere izango du Lazkaon Astotxo egunak: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalisten saioa. Goierriko Bertsozale Elkarteak antolatu du, Ordiziatik kanpora lehen aldiz. Areria antzokian da jaialdia, etzi 18:30ean.
Nerea Elustondo, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Agin Laburu, Beñat Lizaso, Jon Maia eta Alaia Martin ariko dira kantuan, Mikel Urteagak jarritako gaietara. Abenduaren 14an Ilunben finalean kantatu ondoren, Lazkaon elkartuko dira zortziak hurrena.
Sarrerak (12 euro) erosteko aukera bazegoen atzo, oraindik.