Beasaingo udal gobernuak legegintzaldiko plan estrategikoak aurkeztu ditu
Udala beasaindarrengana gerturatzea, hirigintza proiektuak eta herritarren bizi kalitatea hobetzea dira udal gobernuaren ildo nagusiak.
Beasaingo udal gobernuak datozen lau urteetarako duen kudeaketa plana aurkeztu du gaur. “Udala herritarrengana gerturatzea, beasaindarren duintasuna eta akupuntura urbanistikoa” dira udal batzordearen ildo estrategikoak Aitor Aldasoro alkatearen hitzetan. Alboan gobernukide guztiak zituela hitz egin du Aldasorok.
Xabier Matarranz kultura-zinegotziak administrazioaren eraginkortasuna areagotu behar dela azpimarratu du datozen lau urteetan. “Tramitazioak, esaterako, arindu egin behar dira. Zuzenagoak izan behar dira”, baieztatu du. Asmoa, udalaren eta beasaindarren arteko tarteak txikitzea da. “E-adminisrazioan aurrera pausoak eman behar ditugu. Askotan ahoa hitz potoloekin betetzen zaigu, baina zeregin handiak daude oraindik”, esan du Matarranzek. “Administrazioak hurbileko harremana izateko ezinbesteko tresna da internet”, gaineratu du. Matarranzek emandako datuen arabera, Beasaingo web guneak 130 bat bisitari bakar izaten ditu egunean, 4.000 bisitari bakar hilabetean. Udalaren aplikazioak ere harrera ona izan duela dio martxan dabilen sei hilabete hauetan. Halere, app-a osatze prozesuan dagoela gogoratu dute eta, adibidez, elbarrien aparkalekuak monitorizatuko dituztela iragarri dute: “Aplikazioaren bidez aparkalekura iritsi baino lehenago tokia dagoen edo ez jakitea da funtsa”.
Udalaren jarduna ere ezagunagoa egin behar dela sinetsita, neurriak hartuko dituzte legegintzaldi honetan. Besteak beste, udal aldizkaria hamabost egunetik behin kaleratuko dutela iragarri du kultura zinegotziak, eta panel informatibo gehiago jarriko dituztela. Era berean, herri nortasuna areagotu nahi dutela ere iragarri du Matarranzek. Herriko eragileak bateratzeaz gain, herritarren beharren analisi bat eta orain arteko zerbitzuen balorazioak egingo dituzte zerbitzuak hobetu nahian.
Elena Ruiz udal ordezkariak esan du adineko beasaindarren errealitatea bertatik bertara ezagutzeko euren etxeetara joango direla. Jomuga, zaintza lanak hobetzea eta bakardadea aurre egitea dira. “Belaunaldi ezberdinen arteko harremana ere sustatu nahi dugu, elkarren arteko solidaritatea eta lankidetza hauspotuz”, borobildu du Ruizek. Bide gehiago ere azaldu ditu herritarren bizi kalitatea hobetzeko modura, hala nola, kirolari eta osasunari lotutako programak, azoka biziberritzea, kultur planak, sorkuntza lantzea…
Euskara izango da legegintzaldiko beste ardatz bat. Ikasteko klaseen eskaintza zabaltzea da asmoa, Aittu euskara taldea indartuko dute, gazte lokaletako hizkuntza joeren azterketa bat egingo dute eta Garabiderekin elkarlanean jarraituko dute. Ingurumenari dagokionez, birlandaketak iragarri ditu Ruizek, eta txakurren jabeen heziketa kanpaina bat.
Leire Artolak, hirigintza zinegotziak, lurralde ikuspegian egin beharrekoak bi ataletan banatu ditu: “dena ez obrak eta berria egitea. Dagoena zaintzea eta hobetzea ere garrantzitsua da”. Hala, kiroldegian taberna eta kantxa eta futbol zelaian belar berria jarriko dituztela zin egin du, eta herriko argiteria hobetu, Dolarea parkea biziberritu… “Erretiratuen etxea Urbi-etxe eraikinera lekualdatu nahi dugu, eta horretarako beharrezkoak diren egokitzapen lanak burutuko ditugu”, gaineratu du.
Hutsetik hasi behar diren lan potoloak ere badituzte agendan: “Orain da etorkizuneko Beasain definitzeko unea. Horretarako martxan dugu egitasmo orokorra”, zehaztu du Artolak. “Eremu garrantzitsu bat Beasaingo zabalgunea izango da, Adifeko trenbide sarea, hain justu. Garapen handienetako bat jasango duen gunea izango da, eta aldaketa horrek ahalbidetuko du Beasainera zerbitzu berriak ekartzea”, zehaztu du hirigintza zinegotziak. “CAFeko porteriako eraikina eraistean ere espazio berri bat zabalduko da, eta berarekin aukera berriak etorriko dira”, gaineratu du. Aurten hasiko dira lan horien lehen mugimenduak, nahiz eta lanak gorpuzten hasteko itxaron egin beharko den.
Legegintzaldi honetako mugikortasun plana ere aurkeztu du Artolak. “Mugikortasun mahaia laster martxan hasiko da herriko eragile desberdinekin. Egungo egoera baten azterketa sakona egitea da helburua, mugikortasun plana zehaztu eta gauzatu ahal izateko”. Jasangarritasuna jarri du oinarrian zinegotziak, “Beasainen 30 kilometro orduko abiadura muga ezartzea da gure asmoa, eta garraio publikoa sustatzea eta oinezkoei zein bizikletei erraztasunak ematea”. Horretarako, igogailuak eta irisgarritasuna hobetzeko maldak egingo dituztela aipatu du.
Epe luzera begira
Lau urte dituzte udaleko kideek proiektu guztiak gauzatzeko, baina plana 15 urtetakoa da. “Duela lau urte hasi genuen bide hau. Legegintzaldi hau jarraipen bat izango da. Proiektuak 2015-2030 urteen bitartean gauzatzeko pentsatuak baitaude”. Lau urte barru berrikuntzak egongo diren arren, lanean jarraitu beharko dela azpimarratu du alkateak. “Lan asko dago aurretik. Hauek helburu nagusiak dira, baina aipatu gabe gelditu diren beste hamaika proiektu ditugu, eta sortzen joango direnak”.