Bikuñako bizilagunek «ezinegona» agertu dute auzoaren egoeragatik
Udalak «ahaztuta» eta «alboratuta» utzi dituela adierazi dute ohar batean. Pankarta bat jarri zuten abenduan egoera salatzeko. Aste honetan hasi dituzte lanak auzoan
Bikuña auzoko bizilagunek «ezinegona» agertu dute. Udalak «ahaztuta» eta «alboratuta» utzi dituela adierazi dute idatzi batean. Auzotarren komunitateak hedabideei helarazitako ohar baten bidez azaldu du 30 urte baino gehiago daramatela egoera berean, eta alkateari kexak azaldu dizkiotela. Pankarta bat ere jarri zuten abenduan egoera salatzeko. Aste honetan bertan lanean hasi dira auzoan udal langileak.
Oharraren arabera, Aizkorri kalean ez da inoiz kale argirik egon, eta errepideko argia besterik ez dute baliatu bizilagunek: «Eremu ilunak daude, eta haur eta helduek beldurra sentitzen dute; konpromisoa urte bukaera baino lehen jartzea zen, baina ez da bete», azaldu dute idatzian. Gaineratu dute kiroldegiko aparkalekuen arazoa estaltzeko balio izan duela Bikuñak: «Egunero ditugu arazoak aparkatzeko; espaloiak beteta egoten dira, eta bizilagunok ez dugu lekurik izaten», agertu dute. Bizilagunen arabera, arazo horrek konponbidea izan beharko luke, Legazpik dituen kirol ekitaldi desberdinak kontuan hartuta.
«Zintarri, espaloi eta eskailera guztiek haustura arriskutsuak dituzte, eta urteak daramatzagu horrela; aurrekontuetan sartzeko ikerketa bat prestatu dugu, haurrek bertan jolasten dute eta», adierazi dute. Bikuña lorezaintzan beti izan dela ikur ere esan dute, baina orain egoera ez dela bera: «Badaude leku batzuk non behin bakarrik moztu den belarra, batzuetan 40 zentimetrotara iritsita».
Mugikortasun urria duten pertsonen irisgarritasuna «ezdeusa» dela ere azaldu dute: «Gurpildun aulkian dauden pertsona askok sarreran buelta ematen dute ezin dutelako pasa, eta tristea da, hau udalari aurretik esan zaiolako».
Uren kanalizazioarekin ere «kezka» agertu dute: «Saretoak hostoz eta adarrez beteta daude, eta gainezkatzeko aukera hor dago». «Kale argi makurrak, arrailak errepidean, bizikletak faroletan, zuloak espaloietan, banku hondatuak…», luzea da kexa zerrenda.
Bukatzeko, bizilagunen laguntza eskertu dute: «Adarrak moztu dituztenei gasolindegitik auzora sartzeko, baita saretoetatik hostoak kentzen aritu diren guztiei ere». Bizilagunek mobilizatzen jarraituko dutela, eta «auzoa abandonuan» ez dutela utziko amaitu dute.
Egoera salatzeko, pankarta bat ere jarri zuten auzoko sarreran urte bukaeran.
Udalak adierazitakoa
Kexen aurrean, udalak lan egiteko «konpromisoa» agertu zuen. Koldobike Olabide alkateak adierazi zuenez, bi bilera izan zituzten auzotarrekin, uztailean eta urrian, «ahal dugun moduan eta denboran jarriko ditugu martxan hartutako konpromisoak».
Lanak aste honetan bertan hasi dira; lorategietako belarra mozten eta zuhaitzak inausten jardun dute udal langileek, besteak beste.