Egoera berezian dauden pertsonentzat larrialdi etxe bat egokitzen ari da udala
Azken honekin hiru dira guztira Ordiziako Udalak larrialdi egoeran dauden pertsonei laguntzeko dituen etxebizitzak. Udaleko Ongizate sailean egingo dute etxebizitzen tramitazioa
Larrialdi egoeran dauden familiak hartzeko etxebizitza bat egokitu du Ordiziako Udalak, Filipinak kalean. Une honetan, egokitzapen lanekin bukatzen ari dira, irisgarritasuna hobetu dute gurpildun aulkia behar dutenentzat balio dezan, eta hurrengo asteetan altzariak jarriko dituzte. Ainhoa Jimenez Ongizate, Hezkuntza eta Berdintasun zinegotziak esan du «laster erabilgarri» egongo dela.
Larrialdi egoeran dauden familiei laguntzeko Ordiziako Udalak duen hirugarren etxea da honakoa. Jimenezek gogorarazi du «nork erabili ahalko duen udal ordenantzak zehazten» duela. Batetik, «gizarte egoera larriak artatzeko harrera etxebizitzak dira». Etxebizitza hauetan alojamendua eskaintzen zaie «iraupen laburreko egonaldia behar duten pertsonei edo familia unitateei, premia edo gizarte larrialdi baten ondorioz etxebizitza gabeziari aurre egiteko». Kasu zehatzak aipatzearren, «hondamendiak, suteak eta uholdeak bizi izan dituzten familiak eta arrazoi horiengatik, haien etxebizitza ezin erabili geratu zaienean». Egoera horretan daudenen kasuan, «etxebizitzaren erabilpena egin ahal izateko aportazio ekonomiko bat egin beharko dute, errentaren araberakoa».
Bestetik, «genero indarkeria pairatu duten emakumeak artatzeko ere erabili ahalko dira». Kasu horietan ere «iraupen laburreko egonaldiak izango dira, indarberritzeko eta etxeko indarkeria egoeraren bat gainditzeko, baldin eta babeserako neurririk behar ez bada behintzat». Azken horientzat, doakoa izango da etxebizitzaren erabilpena.
Aipatutako bi kasuez gain, Ordiziako Udala «kontziente da populazioaren adinaren igoeraz, eta, horregatik, osasun arazoengatik mugikortasun ahalmena galdua dutenek ere larrialdi etxea erabili ahal izateko aldaketa egin nahi da ordenantzan». Horiez gain, «istripua izan ondoren mugikortasun gabezia dutenak ere ordenantzan sartu nahi ditugu». Kasu horiek kontenplatzen ez direnez, ordenantzan aldaketa hori egitea aurrikusten du zinegotziak. Talde horren barruan sartuko dituzte mugikortasuna galdu izanagatik, errehabilitazio edo etxean beharrezko irisgarritasun aldaketa moldaketak egiteko behar den denbora tarterako egonaldiak. Hori horrela, datorren udalbatzan landuko dute gaia.
Eskaerak non
Etxebizitza horien tramitazioa Gizarte Ongizate sailaren bitartez egingo da. Ondoren Gizarte Zerbitzuetako teknikariek baloratuko dute kasu bakoitza. Ordizian bizi diren pertsona edo bizikidetza unitate guztiei dago zuzenduta eta gutxienez, sei hilabeteko antzinatasuna izan beharko dute erroldan. Informazio gehiago Ongizate sailean.