Eñaut Elorrietak 'Irteera argiak' lana aurkeztuko du Lazkaon
Otsailaren 7an kontzertua egingo du musikari bizkaitarrak, Areria antzokian. Sarrerak dagoeneko salgai daude.
Eñaut Elorrieta kantari eta musikari bizkaitarrak Irteera argiak disko berria aurkezteko kontzertua egingo du Lazkaon. Otsailaren 7an izango da, 20:15ean hasita, Areria antzokian. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 15 euroan.
Bakarkako bidean eta musika bide berriak jorratzen jarraitzen du Elorrietak. Irteera argiak lanean, berak sortutako abestiak eta hainbat egileren hitzekin osatutakoak grabatu ditu, tartean Uxue Alberdi, Joseba Sarrionaindia eta Jose Luis Otamendi idazleenak.
Zuzenekoan, Elorrietaren ahotsaz eta gitarraz gain, Maite Larburu (biolina, biola eta koroak), Fernando Neira (kontrabaxua eta baxua), Ruben Caballero (gitarra elektrikoa, teklatuak, koroak) eta Ander Zulaika (bateria, perkusioa eta koroak) musikariak izango ditu lagun.
Sarrerak salgai
Kontzertua Areria antzokian izango da, eta 350 lagunentzako tokia dago. Sarrerak dagoeneko salgai daude; Lazkaoko udalaren webgunean lor daitezke, 15 euroan.