Emakumeen lan isila argitara
'Hariz hari, sorgindu hadi!' ibilbide turistiko pedagogikoa osatu dute Seguran. Herriko emakumeen lan isila aitortu eta ezagutarazi nahi dute. Igandean inauguratuko dute, guneak eta istorioak ezagutuz.

Emakumeen Mundu Martxaren harira 2015ean jarritako proiektuaren emaitza da Segurako emakumeek osatu duten Hariz hari, sorgindu hadi! ibilbide turistiko pedagogikoa. Honela, Segurako herriaren historian garrantzitsuak izan diren emakumeen bizipenak berreskuratu, balioan jarri, aitortu eta erreferenteak sortu nahi izan dituzte. Igandean, 12:00etan Ardixarran elkartu eta bisita gidatua egiteko aukera izango da.
2015ean, sasiak hartuta zegoen lixibalekuan sortu zen «magia» eta ideiaren emaitza da. Idoia Lopetegiren arabera, «emakumeen historia eta errealitatea etxeko sukaldeetan, isilka kontatu eta transmititu izan da, eta jakintza transmititu da, baina oso gutxitan jarri izan da balorean; eta modu horretan, ahaztu ere egiten da. Herri gehienetan bezala, Segurako kale, plaza, jauregiek ez dute emakumeen izenik». Era horretan, «gure historia ezagutzeko emakumeon kontakizuna eta bizipenak kontuan hartuko dituen ibilbide turistiko eta pedagogiko bat egitea bururatu zitzaigun».
Farapiren, foru aldundiko Berdinbideanen eta udalaren laguntzarekin aritu dira segurarrak azken urteetan lanean.
Bederatzi gune
Ibilbidean bederatzi gune finkatu dituzte. Izarra Urdalleta alkatearen esanetan, «puntu bakoitzean panel bana dago. Gai desberdin bat lantzen da eta Segurako emakume baten edo gehiagoren bizipenak kontatzen dira». Izan ere, «oharkabean pasa zaizkigu emakume hauetariko asko eta asko, egunerokoan, lan isilez, Segura posible egin duten ezinbesteko emakumeak dira».
Farapiko Nerea Eliasen arabera, «garai bateko gaiak dira, baina gaurkotasun handia dutenak». Gaien artean daude amatasuna, emakumea eta kirola, emakumea eta lan mundua, emakumea eta artea, produktiboa eta erreproduktiboa, emakumea eta baserria, beraien arteko harremanak…
Ibilbidea fisikoa izateaz gain, «sinbolikoa eta aldarrikapenezkoa» ere bada, izan ere, «emakumeen historian bada zer berreskuratu eta aitortzeko premia». Pedagogikoa izatea ere nahi dute: «Hemen lantzen ditugun gaiak eta gogoetak gaur egungo mugimendu feministaren lehen lerroan dauden gaiak dira».
Euskara hutsean daude panelak eta paneletan dauden Qr kodeak irakurriz beste bost hizkuntzatan irakur daiteke: gaztelaniaz, katalanez, ingelesez, fran- tsesez eta alemanez. Ardixarratik bideratuko dituzte bisita gidatuak.
Bide aberatsa
Segurarrek segurarrekin egindako lana izan da, eta Eliasek nabarmendu nahi izan duenez, «emaitza oso polita da, baina nik balioa eman nahiko nioke emaitza horretara iristeko bideari». Izan ere, kasu honetan, metodologia aldetik ere lan prozesu «berritzailea» izan da: «Lanketa guzti honen atzean Segurako hamar emakumek osatutako lantaldea egon da, eta horri balio berezi bat aitortu nahi diogu. Bidea bera ahalduntze bokazio batekin sortzen da».
Seguran bizi izan duten esperientzia beste herrietara zabaldu nahi dute, emakumeen historia idazten jarraitzeko eta sorgintzen jarraitzeko. «Sorgindu gaitezen bidea elkarrekin egiteko».
Bestalde, emakumearen eta berdintasunaren gaiarekin lotuta, 2015ean hasitako bideari jarraipena emateko, eta «behar gehiago ikusiko» dituztelako, Berdintasun teknikaria kontratatu du Segurako Udalak, Berdinbidean egitasmoari esker.
Lixibalekua eta beste zortzi gune gehiagoAurreko mendeetan lixibalekua gune garrantzitsua izan da emakumezkoentzat, astero bertan elkartzen baitziren «elkarren berri izateko, zituzten presioei eta betebeharrei nola aurre egin ikusteko, eta elkarri laguntzeko». Baina leku adierazgarri gehiago ere izan dira eta Seguran zortzi gehiago jaso dituzte Hari, hari, sorgindu hadi! ibilbidean. Geldialdi edo puntu bakoitzean, emakumeentzako garrantzitsuak ziren eta diren gaiak jasotzen dira. Kontxisiren gunean, adibidez, amatasuna lantzen da. Arteari eskainitako bi gune daude: Segurako emakumezko sukaldari eta margolari banari eskainiak. Emaginaren etxeak, Ostatuak, Txanbolinpek, Xesteriak eta Baserri munduak osatzen dute ibilbidea.
Gai desberdinak landu eta garai desberdinetako emakumeen lana jaso dute. Kontxisi XVII. mendeko emakumea da, eta besteetatik gehienak XX. mendekoak, batzuk hasierakoak eta besteak bukaerakoak.