Goenagaren 'La Trinchera infinita' filmerik onena izendatu dute Forqué sarietan
Moriarti ekoiztetxearen lanik berrienak 2019ko fikziozko luzemetrairik onenaren Forqué Saria jaso du. Bi aste barru banatuko dira Goya sariak, eta hautagaien artean dago Goenaga, Garaño eta Arregiren filma.

Goya sariak banatzeko bi asteren faltan, sari garrantzitsua jaso du Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenagak, Jon Garañok eta Aitor Arregik elkarrekin zuzendu eta ekoitzi duten La trinchera infinita filmak. Izan ere, 2019ko fikziozko luzemetrairik onenaren Forqué Saria jaso du gipuzkoarren lanik berrienak. Madrilen egin dute Forqué Sarien gala, asteburuan.
Izen handiko lehiakideak izan dituzte, gainera. Horien artean, Pedro Almodovarren Dolor y gloria, Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra eta Oliver Laxeren O que arde. Guztien gainetik, Moriarti ekoiztetxeko hiru zuzendariek eskuratu dute 30.000 euroko saria. Zuzendariek, bi protagonisten rolak jokatu dituzten Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktoreei eskaini nahi izan diete saria, egindako lanagatik.
Goya sarietara bidean
Moriarti ekoiztetxekoak, Handia filmarekin izandako arrakasta eta harrera bikaina errepikatzeko bidean dira La trinchera infinita lanarekin. 2018an, bederatzi sari jaso zituen Handia-k. Goya Sarien gala, urtarrilaren 25ean egingo dute, Malagan, eta hautagai nagusien artean izango da Goenaga, Garaño eta Arregiren filma.