Ahalegin baten fruitua, festa-gai
Astotxo festak beste behin bete du egitekoa. Lazkaotarren jai estimatua dela frogatu da. Euskal asto arrazaren biziraupenak argi izpi bat badu lehiaketaren aitzakian; eta ehun-bat herritar atera dira kale antzezpena girotzeko.
Euskal asto arrazaren berreskuratze lanean «asko» egin da, baina oraindik badago «egitekoa». Mezu horixe zabaldu zuten herenegun Gipuzkoako Astozale Elkarteko (Giasel) eta Antsoategi elkarteko antolatzaileek Gipuzkoako Enkarterri Astoaren 24. Lehiaketan, Lazkaoko plazan. Astotxo festarekin bat eginez, mende laurdena betetzera doaz.
Aspaldikoa eta urtetik urtera ezer gutxi aldatzen dena bada ere, berriz ere jendetza erakarri du Astotxo festak. Eguraldi eguzkitsuak animatuta goizeaz oso hotz, eguerdirako goxatua, oraingoan. Astoen hitzorduan ere aurreko urteetako mailari eutsi zaio: 105 asto erakutsi zituzten plazan, herrialdekoak.
Lehiaketan aldaketa nabarmen bat egin dute: orain arte bi sariketa mailak laura ugaritu dituzte, astoak ar edo eme bereizketaz gain adinka ere banatuta. Hala, 30 hiletik gorako asto eme eta 36 hiletiko gorako ar onenak, eta muga horretatik beherakoak aukeratu ditzute. Lau sari, beraz.
Luis Arakistain errezildarrak eraman ditu sarien erdiak. Biak asto emeekin, heldu nahiz gazte onenak bereak baitziren: Argi (30 hiletik gorakoa) eta Silbestrina (gaztea). Asto ar heldu onena Ioritz Garmendia lazkaotarraren Leontzio eta ar gazte edo astakilo onentzat Luzio Jauregiren Bittor aukeratu dituzte.
Epaimahaia Txus Aiastui albaitariak, Mirari Intza teknikariak eta Arabako Astozale Elkarteko Miren Meabek osatu dute. Aukeraketa-sistema ere aldatu dute aurten: lehiaketako asto guztiak multzoka atera dituzte plazara, eta finalerako apartatu dituzte bakoitzetik batzuk.
Asto emeak izan dira ugarienak: lehiaketan 40 heldu eta 9 gazte, arretako 4 heldu eta 5 gazteren aldean. «Arrek betiko arazoa dute: ez dira errazak maneiatzen», argitu du Jose Inazio Mendizabalek. Kalifikazio bila 18 eme eta 5 ar ekarri zituzten, eta 15 emek eta lau arrek lortu zuten.
Olata guztiak saldu dituzte
Egiptorako ihesa antzezpenak urteroko egitura izan du. Herodesen inguruan gorpuztu dute kale antzerkia. Jende asko sartu zen Santa Ana monasterioko elizara ere, Zistertar mojek atondutako eskultura-multzoa ikustera. Etxetxurin, olata guztiak salduta zeuzkaten 13:00etarako.
Uztaritzeko (Lapurdi) joaldunek girotu dituzte kaleak.













