Ataunen hasiko da Emakumeen Master Cup txapelketa handiena
Binakako Txapelketa Auzoeta kiroldegian hasiko da, larunbateko jaialdiarekin. Bost partida jokatukodituzte, hiru mailatan. 94 pilotarik eman dute izena, inoizko gehienek
Emakumezkoen kirolari arreta eta garrantzia emango dio, beste behin, Ataunek. 2014ko ekainean Emakumeen Biraren azken etapa antolatu bazuten, oraingoan pilotan lekua egiten ari den Master Cup binakako txapelketaren estreinakoa jarri dute. Larunbatean hasiko da, eta Auzoeta kiroldegiko pilotalekuan jokatuko dute aurreneko jaialdia.
Markak hausten ari da Master Cup lehiaketa, gainera. 94 pilotarik eman dute izena, orain arte sekula ikusi gabeko kopurua. Bi kategoria nagusitan banatu dute txapelketa: ohiko pilota goxoak erabiltzen dituztena, 35 bikoterekin; eta ukitu gehiagoko pilotekin jokatzekoan, beste 12 biko. Geroz eta gehiago ari da zabaltzen ukituko piloten erabilera nesken artean ere.
Partaidetza zenbakiei arreta jarri die Iker Amarika antolatzaileak. «Parte-hartzea garrantzitsua da, eta guk helburutzat hartu dugu, oraintxe hasi direlako pilotan. Zenbat eta gehiagok parte hartu, hobeto», esan zuen, atzo, Euskadi Irratian.
Nesken artean ere harrobia lantzearen garrantzia da zaindu beharreko beste bat. Eta ari da lortzen, Amarikaren esanetan: «Gazteak badatoz, behean badago harrobia. Pilota mistoarekin 12 bikote ariko dira, eta gehienak harrobitik datozen pilotariak dira. Etorkizuna badago. Goxoan beste 70 pilotarirekin, datu esanguratsuak dira, egiten den lana ikusten da txapelketan».
Ataunen herriko bi pilotari
Ataunen hasiko den 2020ko Master Cup-en hiru sailetako bost partida jokatuko dituzte: pilota goxoarekin, mistoarekin eta 16 urtez azpiko bat ere bai.
Bi pilotari ataundar ariko dira: Arantxa Arratibel 16 urtepekoetan, Aisha Etxeberria amezketarrarekin bikotea osatuta; eta Uxue Azkonobieta, buruz buru.
Txapelketako kanporaketak Ataunen, Antzuolan, Villabonan, Deban eta Berastegin dira. Final-laurdenak Getarian eta Pasaian, eta finalaurrekoak Beasainen, martxoaren 8an (ETBk zuzenean emango du), eta Elgoibarren martxoaren 14an dira. Bi mailetako finalak, berriz, Irungo Urantzun, martxoaren 29an.
Ataungo jaialdia
Binanako master cup-a
· Non. Ataungo Auzoeta frontoia.
· Noiz. Larunbata, urtarrilak 18.
· Ordua. 17:30.
· Lehiaketa. Emakumeen Laboral Kutxa Master Cup 2020 txapelketa, eskuz binaka. Hasiera.Kanporaketa partidak
· Promozioa goxoa. Jaione Uranga-Irati Usandizaga (Oñati) / Nerea Sagarna (Larrabetzu)-Garazi Elortza (Donostia).
· 16 urtez azpikoa. Arantxa Arratibel (Ataun)-Aisha Etxeberria (Amezketa) / Udane Bergara (Altsasu)-Alaia Ruiz de Infante (Gasteiz).
· Mistoa. Gentzane Aldai (Orozko)-Olatz Arrizabalaga (Gernika) / Madalen Etxegarai-Uxue Oses (Oñati).
· Mistoa. Ibone Salinas-Andrea Capellan (Errioxa) /Maddi Unanue (Azpeitia)-Miriam Arraiza (Donostia).
· Promozioa goxoa (buruz buru). Uxue Azkonobieta (Ataun) / Ane Urkizu (Berastegi).