Jaione Apalategi izendatu dute Oteiza fundazioko presidente
Oteiza fundazioaren gidaritzan hartuko du irakasle eta ikerlari ataundarrak. Patronatua sortu zenetik da kide, eta orain, Rafael Moneok utzitako lekukoa hartu du.
Jaione Apalategi irakasle eta ikerlari ataundarra izango da Oteiza fundazioaren presidente berria. Hala erabaki du fundazioaren patronatuak, azken bileran. Bost urtez fundazioa zuzendu duen Rafael Moneoren lekukoa hartuko du Apalategik.
Fundazioak esker ona agertu dio Moneori, urte horietan guztietan egindako lanagatik. Haren lana «funtsezkoa izan da, Fundazioaren helburuak berrantolatzera zuzendutako ekintza ugari» bultzatu baititu. Apalategik, berriz, esker ona agertu du izendapenagatik, eta «patronatuko beste kide guztien ekarpen eta ahaleginak biltzen eta metatzen segitzeko borondatetik» lan egiteko asmoa agertu du.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Didaktika eta Eskola-Antolakuntza jakintza arloko irakasle titularra da Apalategi, eta Oteiza fundazioko kide izan da, 1996. urtean sortu zenetik. Bi liburu eta hainbat artikulu argitaratu ditu, eta kargu ugari bete ditu Nafarroako Unibertsitatean. Psikologia eta Pedagogia Saileko zuzendariorde (1992-96); Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekano (2000-04) eta dekanorde (1996-2000 eta 2008-12) izan da ataundarra.