Herriko artisten erakustoki
Jon Zumalakarregi gazte ormaiztegiarrak lau margolan jarri ditu eraskugai gizarte etxeko tabernan. Otsailaren 2ra arte egongo dira ikusgai. Irailean ireki zuten Ormaiztegiko erakusketa txokoa
Ormaiztegiko gizarte etxeko tabernak herriko artisten lanak erakusteko txoko bat ireki du. Irailean estreinatu zuten, eta, ordutik, hiru erakusketa izan dira ikusgai bertan. Lehendabizi Angel Elorza argazkilariaren San Mielak Ormaiztin argazki erakusketa izan zen eta, ondoren, Ormaiztegiko Ander Deuna jaietako egitarauko azal lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa. Jon Zumalakarregi gazte ormaiztegiarra izan da lanak erakusten azkena. Interesdunek otsailaren 2ra arte dute margolanak ikusteko aukera.
Txikitatik margotu izan du Jon Zumalakarregik, baina orain arte ez du izan bere lanak jendaurrean aurkezteko aukerarik. Ormaiztegiarrak azaldutakoaren arabera, aurreko urtean jarri ziren harremanetan Ormaiztegiko Udaleko kultura teknikaria den Ane Aranburu eta bera, erakusketari buruzko lehenengo elkarrizketak izateko.
Irailean jarri zen martxan azkenean erakusketa txokoa, gizarte etxeko tabernan, eta Zumalakarregiren lanak otsailaren 2ra bitartean egongo dira erakusgai: «Hitz eginda genuen aurretik horrelako zerbait antolatzeko beharraz; azkenean orain izan dut aukera, eta oso aberasgarria izaten ari da». Zumalakarregik adierazi du herritarren babesa nabari duela: «Gerturatzen direnek zoriontzen zaituzte eta horrek indarra ematen dizu».
Erakusgai dituen margolanak eginak zituen aspalditik. Gorputzak hala eskatzen ziolako hasi zen margotzen, eta batxilergo artistikoko ikasketak burutu zituen: «Asko lasaitzen nau». Ikasketak eta praktikak hobetzeko bidea diren arren, argi du margotzeko berezko zerbait behar dela: «Pasioz eta gogo handiz egitea da gakoa, gustatu behar zaizu». Materialei dagokienez, akrilikoa erabiltzen du gehienbat, merkeena horixe delako. Halere, olio-pintura ere gustuko du: «Olioa izanik, koloreak nahastea ahalbidetzen du».