Naiara Elgarresta urretxuarrak diseinu lehiaketa bat irabazi du
'Yo soy Bisutex' lehiaketako bi sarietako bat eskuratu du. Horri esker, Madrilgo nazioarteko bisuteria eta osagarri ferian bere poltsak erakutsi ahal izango ditu
Naiara Elgarresta diseinatzaile urretxuarrak Yo soy Bisutex lehiaketa irabazi du. Horri esker, bere poltsak Madrilgo nazioarteko bisuteria eta osagarri ferian erakutsi ahal izango ditu. Bisutex feria Ifema erakustazokan egingo dute, otsailaren 6tik 9ra.
Diseinatzaile urretxuarra oso gustura ageri da, noski. «Lehiaketa horretan diseinatzaile askok parte hartzen dute eta ez nuen irabaztea espero. Oso pozgarria izan da. Izan ere, nire poltsak bertan erakustea aukera bikaina da». Elgarrestari umetatik gustatzen zaio moda mundua. Umetan aitari Donostiara eramateko eskatzen nion, zapata dendak ikustera. Bere helburua Florentziako unibertsitatean Zapata eta Osagarrien Diseinua ikastea zen eta ametsa betetzea lortu zuen.
Horretarako gogor lan egin behar izan zuen. Batxilergoa bukatu zuenean bi urte eman zituen Londresen. Izan ere, Florentziako unibertsitatean ikasteko ingelesa behar zuen. Ikasketak bukatu zituenean Italian gelditzeko aukera eduki zuen, Chanel-entzat lan egiten, baina etxera itzultzeko gogoa zuen.
Gaur egun, Juncal Aguirre markako alpargatak egiten dituen Calzanor enpresan diseinatzaile lana egiten du. Enpresa hori Irungoa da. Diseinuzko alpargatak egin eta mundu guztian saltzen dituzte. Japonian arrakasta handia dute.
Oinetakoak
Horretaz gain, Elgarrestak luxuzko poltsak ekoitzi eta bere izena daraman webgunean saltzen ditu. Etorkizunean zapatak egin nahi ditu, baina hori erronka handia da. Hori dela eta, oraingoz poltsa munduan lan egiten ari da, buru-belarri.
Bisutex ferian orain arte egindako lana aurkeztuko du; lau poltsa eta gerriko poltsa bat diseinatu ditu. Madrilgo Bisutex ferian mundu osoko 550 diseinatzailek parte hartuko dute.