Segurako Txoritegik aurkeztu du Taldekako finalerako hautagaitza
Asteburuan hasi da Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketa. Txoritegik bigarren egin du Urnietako saioan, eta Danantzakok hirugarren Legazpikoan. Igandean dute hurrengo hitzordua.
Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketaren lehen jardunaldia galbahe estua izan da Goierriko klubentzat. Legazpin eta Urnietan jokatu zuten igandean saio bikoitzean, eta datorren igandean Añorgan eta Gabirian erabakiko dute finalerako sailkapena. Txoritegi (Segura) kokatu da ondoen finalean sartzeko.
A multzoan sei klub batu dituzte, eta Legazpin eta Añorgan ariko dira horiek. Gizonezkoetan (6 talde) Hernani izan zen onena (247) lehen saioan, Ategorrieta (245) gertutik zuela. Emakumeen talde bakarra aritu zen han, Behar Zana billabonarra (157). Legazpin bertako Danantzako taldea 3. geratu da (233). Banakako lanean, ordean, eguneko bolari onena German Gereñu legazpiarra izan da gizonezkoetan (47 birla), eta Rosa Santos hernaniarra emakumeetan (38).
Talde gehiago osatu dituzte B multzoan ari diren beste sei klubek: gizonezkoen 9 eta emakumezkoen lau. Aipagarria Zeraingo hiru taldeen kopurua (bi emakumeenak) eta Gabiriako lau taldeak (gizonen hiru). Urnietan, bertako Santakruz izan zen onena (259), eta bigarren Segurako Txoritegi (242).
Urnietan, eguneko onenak Xanti Zumeta (47) eta Naiara Peñagarikano (42) izan ziren.
Bigarren saioa, igandean
Datorren igandean, urtarrilak 19, bigarren jardunaldia Añorgan (A multzokoak) eta Gabirian (B) jokatuta borobilduko da sailkatze fasea. Azken finalera —Olaberrian, urtarrilaren 25ean— gizonezkoen lau talde sailkatuko dira, multzo bakoitzetik bina. Emakumezkoak ere beste lau izango dira, Ako bat eta Bko hiru.