«Zarata ateratzea ongi dago, filmak interesa sortzen jarraitzeko»
Moriarti Films ekoiztetxearen 'La trinchera infinita' lan berriak pelikularik onenaren Forqué Saria jaso du. Goya sarien aurrekari bada ere, ezustean harrapatu du ordiziarra, eta Almodovarren eta Amenabarren filmak jotzen ditu faborito.
La trinchera infinitak film onenari Forque saria jaso du. Nola jaso duzue?
Ezusteko handia hartu genuen. Belen Cuestak saria eraman zezakeela uste genuen eta ikustean berak ez zuela irabazi, gure gaua ez zela eta film onenaren saria ere ez genuela jasoko pentsatu genuen. Gainera, Pedro Almodovar eta Alejandro Amenabar ere tartean zeuden. Baina azkenean, La trinchera infinitarentzat izan zen film onenaren saria. Oso pozik gaude!
Oholtzara igo eta aktoreak izan zenituzten gogoan, saria haiei eskainiz.
Aktoreen ekarpenak film honetan, izugarrizko garrantzia dauka. Bereziki hizkuntzaren ahoskeragatik, bai pertsonaiei eman dieten bizitzagatik. Bereziki eskertu nahi diegu egin duten lana.
Bestalde, zinemetan hainbat film proiektatzeko arazoa ere aipatu zenuten.
Egia da zaila dela film bat karteleran mantentzea eta batez ere, La trinchera infinita bezalako film batentzat, duen iraupenagatik. Euskal Herrian oso ongi funtzionatu du eta Espainia mailan, gazteleraz izanda, pixka bat hobeto joango zela uste genuen. Gainera, irailetik abendura film asko estreinatzen dira, konpetentzia handia dago eta zaila da bertan mantentzea.
Azkeneko urteetan sari mordoa jaso duzue. Sariak jasotzera ohitu egiten da bat?
Ez, ez zara ohitzen. Egia da izugarrizko ilusioa egiten jarraitzen duela eta jaialdiren batean izendapenik jaso ez badugu, pena handiz jasotzen dugula.
Azken urteetan sari ugari jaso dugu bai, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu. Atzera begiratu eta atsegina da orain arteko lorpenak errepasatzea. Zerbaitetan ari gara, ez?
Hori bai, zarata ateratzea ongi dago, jendeak filmarekiko interesa izatea sortzen baitu.
Orain arte 14 sari jaso ditu guztira. Zuretzako zeintzuk dira kuttunenak?
Forque saria oso berezia izan da. Batez ere, hasieran esandakoagatik, ezustean harrapatu gintuelako eta sari garrantzitsua delako. Galdutzat ematen genuen eta horrek ilusioa eta esperantza ematen du.
Pasa den larunbatean jasotakoaz gain, Donostiako Zinemaldiakoak ere oso bereziak dira. Oso garrantzitsuak dira. Gidoi onenaren eta zuzendaritza onenaren sariek ilusio bereziarekin jaso genituen. Nazioarteko kritikaren Fipresci saria ere lortu genuen eta horrek ere ilusio handia egin zigun.
Goya sariak datorren urtarrilaren 25ean banatuko dituzte. Esaten da, Forque saria jasotzen duenak Goya saria irabazteko aukera gehien duena dela.
Jarraitzen dugu pentsatzen gau horretan bi film izango direla protagonistak; Mientras dure la guerra eta Dolor y gloria. Egia da Forque saria eraman dugula eta azkeneko zazpi urteetan, Forque -a irabazi duenak ondoren Goya irabazi duela. Baina hori ez da beti horrela gertatu. Eta gainera, uste dugu Almodovarrek baduela nolabaiteko maldizioa Forque sariekin, ez baitu sekula irabazi. Baina Volver filmarekin adibidez, Goya eraman zuen.
Momentuz, ez dakigu zer gertatuko den eta gehiegi ere ez dugu sinisten Goya saria ere jasoko dugunik. Baina ikusiko da, oraindik jokoan gaude, orain arte, egunkarietako titular askok kanpoan utzi bagaituzte ere.
Bukatzeko, oraintxe zein proiektu duzue esku artean?
Proiektu desberdinak garatzen ari gara, baina fase oso primarioan gaude. Handia eta La trinchera infinita, oso segidan joan ziren, eta momentu honetara iritsita, pixka bat gelditzea behar genuen. Hurrengo proiektua nondik nora joango den ongi pentsatu nahi dugu, ez dugulako oso argi zeri helduko diogun.
Egia da proposamen bat izan dugula miniserie bat egiteko, baina oraindik ikusteko dago. Beste ideia eta proiektu batzuk ere baditugu eta, oraintxe garatzen ari garenak.
Bitxia da zeren batzuetan zerbaitek barruan klik egiten du eta proiektu bat aktibatu egiten da. Momentuz, sariak bizitzen ari gara batez ere.