Zegama-Aizkorri maratoia astelehenean jarriko da martxan, izen-ematea irekita
Maiatzaren 24an izango da proba nagusia. Golden Trail World Series zirkuitoaren barne egongo da. Kilometro bertikala, berriz, maiatzaren 22an da. Otsailaren 21ean egingo dute zozketa
Maiatzaren 24an izango da 19. Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren. Izen ematea urtarrilaren 20tik 30era bitartean egin beharko dute atletek rockthesport.com webgunean, eta puntuagarria izango da Golden Trail World Series 2020rako. Otsailaren 21ean egingo dute parte hartzaileen zozketa. Kilometro bertikala, aldiz, maiatzaren 22an izango da, 16:00etatik aurrera.
Maratoiaz eta kilometro bertikalaz gain, gazteentzako proba egingo da; maiatzaren 24an VIII. Zegama-Aizkorri Junior Traila izango da, 10:30ean hasita. Ainhoa Txurruka Amezti Mendi Elkarteko kideak azaldu du 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat izango dela proba: «Junior probarekin gazteen parte hartzea sustatu nahi dugu». Salomonek Golden Junior zirkuitua sortu du, eta bertan izango da Zegamako proba ere. Juniorrak 10,4 kilometroko ibilbidea izango du.
Antolakuntzak aurten 150 dortsal gordeko ditu «lasterketak dakartzan konpromisoei aurre egiteko». Beste 125, berriz, aurreko edizioetan lehiatu eta edizio honetan ere parte hartu nahi duten atleten parte hartzea ahalbidetzeko eta azken bi edizioetan denborarik onenak erregistratu zituztenen parte hartzea bermatzeko izango dira.
Ingurumenaren zaintza
Joseba Izagirre Zegamako alkateak foru aldundian egindako aurkezpenean adierazi du, auzolana izango dutela oinarri, urtero legez: «Auzolana, elkartasuna eta umiltasuna dira Zegama-Aizkorriren ardatzak», esan du. Era berean, ingurunea zaintzearen garrantzia azpimarratu du: «Ingurumenarekin arduraz jokatu behar dugu, kontuan harturik non gauden».
Auzolana hizpide, Izagirrek boluntarioen lana nabarmendu du: «Ezinbestekoa da boluntarioen partaidetza dena ongi atera dadin; 400 boluntario baino gehiago izaten dira». Txurrukak gehitu du boluntario horiek ziurtatuko dutela dena txukun geratu den: «Zirkuitua errepasatuko dugu garbi utz dezagun». Bestalde, aurten plastiko «gutxiago» erabiltzeko konpromisoa hartu dute, eta erabiltzen dituztenak «berrerabilgarriak» izango dira.
Herriko boluntarioei eskerrak eman nahi izan dizkie Zegamako alkateak, eta herritarren batasuna azpimarratu du: «Ekonomikoki aukera paregabea da baina, batez ere, Zegamako herritarrak batzeko erreminta da, ia denek hartzen baitute parte era batean ala bestean».
Denis Itxaso Kultura diputatuak Zegama-Aizkorrik lortu duen ospea nabarmendu nahi izan du aurkezpenean: «Egutegian finkatzen ari den ekitaldia bihurtu da».
Kamiseta diseinu lehiaketa
Txurrukak azaldu du aurten kamiseta diseinu lehiaketa egingo dela. 18 urtetik gorako edonork hartu dezake parte, eta bakoitzak bi kamiseta aurkeztu ahalko ditu gehienez. Beharrezkoa da diseinuan Zegama-Aizkorri izena jartzea eta, testuren bat izanez gero, euskaraz izatea.
Diseinuaz gain, haien datu pertsonalak eta diseinuaren esanahia azaltzen duen idatzi bat aurkeztu beharko dute. Parte hartu nahi dutenek zegama.aizkorri@gmail.com helbidera bidali beharko dute materiala, otsailaren 29a baino lehen.
Martxoaren 2tik 8ra bitartean publikoak aukeratuko ditu hiru diseinu gogokoenak, eta lehenengo 20 diseinutatik epaimahaiak aukeratuko du irabazlea. Saria 2020ko edizioan parte hartu ahal izateko dortsal bat izango da, maratoirako, kilometro bertikalerako edo juniorrerako. Irabazleak momentuan aukeratu beharko du zein probatan nahi duen parte hartu.
Zegama-Aizkorri 2020Izen-ematea
· Epea. Datorren astelehenean irekiko da. Urtarrilaren 20tik 30era bitartean eman beharko dute izena interesdunek.
· Non. Rockthesport.com helbidearen bitartez.
· Dortsalak. 500 dortsal. 150 dortsal lasterketak dakartzan konpromisoei aurre egiteko, eta beste 125 aurreko edizioetan parte hartu eta aurten errepikatu nahi dutenentzat. Gainontzekoak zozketatu egingo dira izena eman dutenen artean.Ordutegiak
· Kilometro Bertikala. Maiatzaren 22an, 16:00etan.
· Mendi maratoia. Maiatzaren 24an, 09:00etan.
· VIII. Junior Traila. Maiatzaren 24an, 10:30ean.