Urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik Trukegunea
Udaletxeko arkupean dago gunea.
Eguberrien ondotik izaten ari duen erabilera ikusita, Trukegunean jostailuak jaso eta uzteko epea luzatu da; hilabete amaiera arte egongo da martxan.
Beasaindarrei herrian bertan trukerako espazio bat izateko aukera eman nahi die Beasaingo Udalak, Kutxa Ekogunearen Trukegune egitasmoarekin bat eginez. Beasaingo Trukegunea udaletxe atariko arkupean dago kokatua. “Trukegune honetan, objektuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik gabe. Utzi edo/eta hartu. Betiere, uzten dena moldaketarik egin beharrik gabe erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatuz eta jasotakoa, utzitako gure seme alaben jostailuak erabiltzen genituen bezala tratatzeko konpromisoz”.
Honela, “trukean oinarritutako esperientziaz baliatuz kontsumo arduratsua eta birziklapena bultzatu nahi dira”. Bide batez, “haurrek Gabonetan opari moduan jasotzen dituzten jolasak berrerabiliak izateko aukera erraztu nahi dute, eta baita trukearen bidez eman eta jasotzea biak gozagarri direla sentiaraziz eta “jostailu berri” izate horri garrantzia kenduz”. Era honetan, “objektuei bizi berri bat emateko modua da, jostailuek norbere familiari asko eman ondoren, beste haur batzuei beste horrenbeste eskaini dezaketen altxor txikiak izan daitezke”.
Gabonen ondoren trukatu ez diren jostailuak irabazi asmorik gabeko elkarte ezberdinetara bideratuko dira.