Ampo Ordiziak 18-12 irabazi dio Lexus Alcobendasi etxean
Jokalariek zaleei Altamirara gerturatzeko eskatu eta jarraitzaileek erantzun. Liderrari irabaztea lortu du ordiziako errugbi taldeak.
Etxean jaso du Ampo Ordiziak Lexus Alcobendas liderra. Bi taldeetako frankotiratzaileak izan dira protagonistak. Ez da entsegurik egon partidan zehar, markagailuak gora egin duen bakoitzean ostikoz izan da. Zaleek gogotsu animatu dute gaur Altamirako zelaian, jokalariek sare sozialen bitartez horrela eskatu ondoren.
Behin 80. minutua bete ondoren, partida amaitzear zegoela, Altamiran tentsioa sortu da Lexus Alcobendasekoak entsegu marratik oso gertu ibili direlako baina azkenean goierritarrek irabazi dute norgehiagoka berezia. Garaipenari esker, laugarren da Ampo Ordizia sailkapenean.
Horrez gain, Twitter bidez Ampo Ordiziak jakitera eman duenaren arabera, ekimen berria jarri dute martxan: partidu oro jokalari hoberena zein den aukeratuko dute. Bi kapitainek izango dute jokalari hoberena zein den erabakitzeko ahalmena. Oier Goia izendatu dute gaurkoan.
Bukatzeko, partida hasi baino lehen, minutu bateko isilunea egin dute direktibako bi senideen omenez.