Alkoholaren aurka borrokan
Alcoholicos Anonimos elkartearen Urretxuko eta Zumarragako taldea Gipuzkoako zaharrenetakoa da. Duela 53 urte sortu zen. Ostiralean hitzaldia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
Gure gizartean alkoholak presentzia handia du egunerokoan: poteoan, ospakizunetan… Droga onartua da eta, beharbada horregatik, kalte handia egiten du. Alcoholicos Anonimos (AA) elkartearen Urretxkou eta Zumarragako taldean 53 urte daramatzate alkoholismoaren aurka borrokan. Ostiralerako hitzaldia antolatu dute.
Hitzaldiaren izenburua Alkoholarekin arazoak al dituzu? da (gazteleraz izango da). Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egingo dute, 18:30ean. Osasun munduko profesional batek, AA elkarteko bi kidek eta Al-Anon elkarteko kide batek parte hartuko dute. Al-Anon alkoholikoen senitartekoen elkartea da.
AAren Urretxu-Zumarragako taldeak Irimo-Beloki du izena eta 53 urte ditu. Gipuzkoako hirugarren zaharrena da. Hasieran Legazpi kaleko lokal batean elkartzen ziren. Bilerak egiten dituzte, terapia saioak, gaixoek edateari utzi eta gaitzarekin bizitzen ikasi dezaten.
Egun Iparragirre hiribidean elkartzen dira, anbulatorioa zegoen tokian. Bilerak astelehenetan eta ostegunetan izaten dira, 19:00etatik 21:00etara. Terapia saio gehiago nahi dituztenek, beste herrietako taldeen bileretara ere joan daitezke.
Urretxu-Zumarragako taldeko kideek gizarte zerbitzuekin, farmaziekin, osasun zentroekin, ikastetxeekin, Ertzaintzarekin eta adin txikikoen zentroarekin lan egiten dutela diote. Helburua, alkoholarekin arazoak dituztenek beraiekin harremanetan jartzea da. Harremanetarako elefono zenbakiak honakoak dira: 629 14 18 74 eta 943 24 87 47. «Lanaren %50 guri dagokigu eta beste %50a edateari utzi nahi dion pertsonari. Zailena arazo bat duzula onartzea da».
Edateari utzi nahi diotenei erremintak eskaintzen dizkiete. «Edaten genuenean nola bizi ginen eta egun nola bizi garen azaltzen dugu. Gaixo bat gure lokalera etortzen denean, edan gabe oso ondo bizi dela ikusarazi behar diogu. Gure arazo berbera duela konturatzen bada, lehen pausoa eman du. Lehen bilera bakarka egiten dugu berarekin eta ondoren taldeko bileretan parte hartzen du. Guk eskaini diezaiokeguna baino laguntza handiagoa behar duela ikusten badugu, medikuarengana joatea gomendatzen diogu. Izan ere, asko estres handiarekin heltzen dira».
Betirako alkoholiko
Argi utzi nahi dute alkoholikoak ez diola sekula alkoholikoa izateari uzten: «Gaixotasun hau gelditu egin daiteke, baina berriro edateari ekiten badiogu, berriro martxan jarriko da. Ez diogu sekula gaixo alkoholikoak izateari uzten».
Beste gaixo batzuekin elkartzea oso lagungarria da. «Denok zulo beretik pasa gara eta antzeko esperientziak bizi izan ditugu. Hori dela eta, oso lagungarria da beste batzuekin hitz egitea. Alkohola besteen laguntzarik gabe uztea oso zaila da. Gure elkartera jotzeak arazoa identifikatzen, talde bateko kide senitzen eta indarra hartzen laguntzen du. Ahul sentitzen garenean, taldeko kideez gogoratzen gara: ez diegu kale egin nahi eta horrek edan gabe agoantatzeko indarra ematen digu. Askok 20 urte baino gehiago daramatzagu bileretara etortzen. Besteei laguntzeko, baina baita arriskua hor dagoela gogoratzeko eta gorabehera emozionalei aurre egiteko. Izan ere, trago bakar batek urteetako lana pikutara bidali dezake».
Ez daude alkoholaren aurka, jendeak komeni zaiona baino gehiago edatearen aurka baizik. «Tabernariek mozkortuta dagoen bati edaten ematea oso gaizki iruditzen zaigu. Ikastetxeetan ematen ditugun hitzaldietan gazteek alkoholikoa arazoaz noiz jabetzen den galdetzen digute. Lagunekin irteten direnean edateko premia badute, arazo bat dute. Edaten dutenean edaten ez dutenean baino gusturago badaude, arazo bat dute. Astebururo etxera mozkortuta itzultzen badira, arazo bat dute. Egun, 30-40 elkartzen dira eta gehien edaten duena, txapeldun. Hori oso txarra da. Eta geroz eta neska gehiagok edaten dute. Gure taldean gazte batzuk ditugu. Egun, bileretan 14-15 lagun elkartzen gara. Garai batean 30 baino gehiago elkartzen ginen. Gure ustez, gizarteak garai batean baino argiago du alkoholak arazoak sor ditzakeela».